Kultura bultzatzeko plan estrategikoa garatuko du udalak
Kultura bultzatzeko bide horretan, musika sorkuntza eta memoria izango dituzte ardatz. Garatzen ari diren plan estrategikoan herriko kultur eragileek parte hartzen dute.
Gernika-Lumoko kultura saila 2023ra bitarteko Kulturaren Plan Estrategikoa lantzen ari da. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, planaren abiapuntua kultura “funtsezko eta interes orokorreko” ondasuntzat hartzea da: “Etengabeko hobekuntzarako programa bat eraiki gura dugu, kultura hurbila, irekia eta kalitatezkoa bultzatuko dituena eta sortzaileen alde egingo duena”.
Kultura bultzatzeko bide horretan, musika sorkuntza eta memoria izango dituzte ardatz, horiek baitira tokiko kultur ondasunaren oinarriak. Halaber, Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuek ere memoria eta tokiko sorkuntza bultzatzea bilatzen dute: “Kulturak funtsezko zeregina du Nazio Batuek Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko zehaztutako bidean. Izan ere, helburu horiek hiri eta herriak toki inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea bilatzen dute”. Pertsonen garapen eta aurrerapenean ere, kulturak “rol nagusia” duela dio Jokin Garate Gernika-Lumoko kultura zinegotziak.
Planteatu dituzten ildo estrategikoek “hurbileko kultura” bultzatzea dakartela dio Garateak: “Ildo estrategikoen bidez, hurbiltasuneko kultura landu nahi da, kultura ireki, sortzaile eta kalitatezkoa. Gainera, kulturaren eta hezkuntzaren batasuna bilatu, eta hiriaren kultura-ingurunea eta memoria ere jorratu gura dira”.
Elkarlana. Garatzen ari diren plan estrategikoan herriko kultur eragile guztiek parte hartu dutela zehaztu dute. Etorkizunean egingo diren jarduerak definitzeaz gain, Gernika-Lumoko kultura-ekosistema sortu eta indartu gura dute, “kultura politikak eraldatuz”. Lan horretan, udalerriko kultur eta arte sektoreko adituekin elkarrizketa sakonak egiten ari dira.
Proposamen berriak jasoko dituzte planean, baita lehendik dauden eta udalak kudeatzen dituen kultura jarduera hobetzekoak ere. Besteren artean, liburutegia indartzea eta zabaltzea, kulturari buruzko eztabaidak sortzea, sorkuntzan laguntzeko programak egitea, eta memoria ondare ukiezin gisa ezagutaraztea eta balioestea bilatuko dute.