Indarkeria matxista salatu eta hori desagerrarazteko beharra aldarrikatuko dute
Azaroaren 25a da Indarkeria Sexistaren Kontrako Eguna, eta Bermeon elkarretaratzea eta Gernika-Lumon ekitaldia egingo dituzte. Adineko emakumeek sufritzen duten indarkeria matxista azaleratu gura izan du Emakundek. Aldundiak indarkeria matxista gertatu aurreko urratsen ikusezintasuna plazaratu du
Indarkeria matxistak ez du adinik ezagutzen. Emakumeek gaztaroan, nerabezaroan eta adinekoak direnean jasaten dituzte biolentzia mota ezberdinak. Planak eta proiektuak gauzatu dira emakumeen aurkako indarkeria hori desagertarazteko, baina biolentzia matxista presente dago oraindik. Horrela, bihar, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, biolentzia matxista salatu eta desagertzeko eskatuko dute herritarrek.
Adineko emakumeek sufritzen duten biolentzia matxista azaleratu gura izan du Emakundek aurten, eta horiek jasaten duten indarkeria ezkutua ikusarazteko kanpaina abiarazi dute: Entzunez gero, ikusiko duzu. Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena. Kasuen antzematea erraztu gura dute, horiei beharrezko baliabideak eskaintzeko.
55 eta 79 urte bitarteko zazpi emakume dira kanpainako protagonistak. Emakundek azaldu duenez, eurek “urte askotan” bizi izandako indarkeria ezberdinen benetako testigantzak jaso dituzte, eta euren aurkako indarkeriak dituen berezitasunak azaleratu dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, indarkeria matxista gertatu aurreko urratsen ikusezintasuna plazaratu du Ez ikusi ez dagoenik. Indarkeria matxista da kainpainagaz. Teresa Laespada Berdintasuneko foru diputatuak dioenez, indarkeria matxista sortzen duten aurretiazko jarrera eta urratsak existitzen dira: “Askotan ez dira ikusten edo ez dira ikusi nahi aldez aurretiko seinaleak. Begirada berria jartzea eskatzen du, jarrera eta urrats horiek detektatzeko eta geldiarazteko”.
Indarkeria Sexistaren Kontrako Egunaren harira, gainera, urtero legez, Busturialdeko zenbait udalek adierazpen instituzionalak onartu eta sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatu dituzte. Horrez gain, esaterako, Muxikako Udalak, Ezetza, ezetz da lelopean maskarak banatu ditu udalerriko bizilagunen artean.
28,75 milioi euro.
Eusko Jaurlaritzak 28.758.664 euro inbertitzen ditu indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko. Iñigo Urkullu lehendakariak legegintzaldi honetan biktimei prebentzioa eta arreta emateko baliabideak areagotzeko duen “konpromisoa” berretsi zuen zapatuan.
EGITARAUA
Bermeo.
– Bihar, 19:00etan, elkarretaratzea Taraskan, Indarkeria matxistaren aurrean autodefentsa feminista! lelopean, Bermeoko Mugimendu Feministak deituta. Bermeoko Udalak bat egingo du deialdiagaz.
Busturia.
– Bihar, 18.45ean, elkarretaratzea udaletxe ondoko plazan. Manifestua irakurri eta minutu bateko isilunea egingo dute.
Gernika-Lumo.
– Bihar, Gernika-Lumoko Sare Feministakoek ekitaldia.