"Islatu gura dugu bortizkeria matxista ez dela bakarrik erailketa"
Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da, eta indarkeria matxista zer den eta zelan ematen den islatuko dute Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek. Euren aldarriak kaleratzeko performace bat egingo dute, "era arduratsuan jokatuz eta elkar zainduz".
Azaroaren 25a, kalea hartzeko eta aldarriak egiteko eguna da, emakumeok kalea hartzekoa. Baian aurton, bestelako egoera.
Azaroak 25a gutxik ahazten duten eguna da. Aldarriak kaleratzea ezinbestekoa da. Eguna antolatzerakoan itxialdi baten beldur ginen, baina argi geneukan zerbait egin gura genuela. Islatu gura dugu bortizkeria matxista ez dela bakarrik erailketa, nahiz eta hori bortizkeriaren espresiorik lantzena izan. Erailketa dago bortizkeriaren icebergarren puntan, baina ur azpian bestelako biolentzia matxistak daude, ideologiko eta politikoak. Horiek ikustarazi gura ditugu. Horretarako, era arduratsuan jokatuz eta elkar zainduz, ekintza sinbolikoa egingo dugu kalean. 30 bat emakume bildu eta zer motatako biolentziak dauden erakutsiko dugu. Pentsatzen dugulako, feminismotik eredu sozioekonomiko eta politikoa aldatzeko aukerak eraiki ditzakegula.
Zer da indarkeria matxista?
Bortizkeria matxista erailketak edo bortxaketak bakarrik direla uste dugu. Baina, definizioz, bortizkeria sexista emakume izateagatik emakumeei bideratutakoa indarkeria da. Sexu, genero eta sexualitatearen sistema heteronormatibo horretan sartzen ez diren gorputz guztien edo bizipenen aurkako bortizkeria.
Zelan ematen da?
Guk bortizkeria zuzena bakarrik ikusten dugu, baina bortizkera hori jasateko bi oinarri daude: kulturala eta estrukturala. Instituzioen bortizkeria da bizi garen gizarte-egituran emakume eta gizonen posizio sozialak ez mugitzea bilatzen duena. Eta bortizkeria kulturala, berriz, sexu genero sistema betikotzen duen indarkeria mota da, erreferenteen, kulturaren, publizitatearen bidez transmititzen den sexuen arteko botere harremana. Sexuen eta genero sexualitatearen eskema heteronormatibo horretan sartzen ez diren gorputzak eta bizipenak zapalduak dira. Eta horrek errazten du, gero, bortizkeria zuzena azaltzea. Azaroaren 25ean, bortizkeria zuzenaren aurka bakarrik joan beharrean, sare feministakoek uste dugu oinarrizko bi horiek ere borrokatu behar ditugula, bestela ez delako bortizkeria inoz desagertuko.
Pandemian hauskorrenak sufritu dute gehien, tartean emakumeek?
Pandemia gehien sufritu dutenak hauskorrenak direla ohartu gara sare feministako kideok. Eurak dira pandemiaren ondorio sozialak sufritu eta sufrituko dituztenak. Eta euren artean daude bortizkeria zuzena jasatzen duten emakumeak eta pertsonak. Itxialdian emakume asko 24 orduz egon dira euren erasotzaileagaz. Pandemian zehar hiru emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta pasada bat da hori. Gainera, bakartuta egon dira emakume horietako asko, eta horrek laguntza eskatzea zaildu egiten du. Badakigu baita ere, gizarte zerbitzuak gainezka daudela. Hori horrela, bortizkeria zuzena jasatzen duten emakumeak inoiz baino hauskorrago daudela uste dugu. Halaber, etxeko langileek eta bizitza prekarioak dituzten emakumeek ere sufritu dituzte pandemiaren egoera latzenak.Etxeko langileen egoera oso gogorra izan da, gehienak emakumeak, etorkinak eta arrazionalizatuak dira. Lehenengo olatuan denok geratu ginen etxean, baina etxeko langileetako asko oraindik ere itxialdian daude, birusa zaintzen duten etxera eramateko beldur direlako. Izan ere, lana galtzearen beldur dira.