Salbuespen egoeran ezarritako "jazarpen poliziala" salatuko dute
Egurre Gazte Asanbladakoek deituta, manifestazioa egingo dute zapatuan 18:30ean Merkurion hasita. Osasun baliabide sozialak indartzea eskatuko dute, baita eskubide zibil eta politikoak bermatzea ere.
Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, agintariek salbuespen egoera dela eta indarrean jarri dituzten neurriak salatuko dituzte. Egurre Gazte Asanbladakoek deituta, manifestazioa egingo dute zapatuan 18:30ean Merkurion hasita.
Jakinarazi dutenez, osasun baliabide sozialak indartzea eskatuko dute, baita eskubide zibil eta politikoak bermatzea ere.
Halaber, neurri diziplinario eta polizialak “indargabetzeko” eskatuko dute: “Krisi egoeran euren bizi baldintzak okertu zaizkien langile klasearen ezinegona eta amorrua kontrolatzea izan da indar polizialen lana. Izan ere, sistemak bere horretan jarraitzea da euren helburua”.
Burgesiak langileak “zapalduta eta banatuta” eduki gura dituela diote. “Gaur egungo testuingurua dela-eta ezarritako salbuespen neurriak ez dira honek betearaztera derrigortzen diguten jazaren polizialera bakarrik mugatzen”, azaldu dute. Hori horrela, langileriaren antolakuntza komunista hedatzea ere bilatuko dute zapatuan. “Etorkizun iluna dugu aurretik, miseria orokortua, kontrol sozial itogarria, beldurra, menpekotasuna, errepresioa…”, diote, eta horri guztiari aurre egiteko “antolatu” beharra dagoela diote Egurre Gazte Asanbladakoek. “Antolakuntza hori oztopatzen daben neurri, egoera eta figura oro borrokatzea ezinbestekoa da”.