Bizi duten errealitatea salatu eta erabakiak hartzeko eskatu dute BUPeko langileek
Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko prozeduragaz 2018ko uztailean hasi ziren, eta oraindik ere ez dakitela ezer salatu dute gaurko agerraldian.
Bizi duten “ezjakintasunaren” aurrean, Busturialdeko Ur Partzuergoko langileek euren egoera “normalizatzeko” eskatu dute gaur ur partzuergoak Sukarrietan dituen bulegoen aurrean. Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko prozeduragaz 2018ko uztailean hasi ziren, baina oraindik ezer ez dakitela salatu dute langileek.
Hori horrela, Busturialdeko Ur Partzuergoko kontseilu orokorrari “erabakiak hartzeko” eskatu diote: “Erabaki dezatela Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora joango garen edo ez, baina langileok jakin gura dugu zer gertatuko den gurekin. Erabakiak hartzeko eskatzen diegu ordezkariei”. BUPen integrazioa urtarrilean izango dela esan diete, baina ez dakite gauzatuko den edo ez: “Iaz ere berdina esan ziguten, eta oraindik hemen gaude. Inork ez digu ezer azaltzen”.
Euren egoerak “okerrera” egin du azken urteetan. Diotenez, gero eta “lan karga handiagoa” dute eta euren lan baldintzak “okertu” egin dira. “Lan karga handiak ditugu. Bajak eta jubilazioak egon dira, eta lanpostu horietarako ez da inor kontratatu”, azaldu dute. Gainera, Sukarrietan hurrengo hilabeteetan kolektore berria jarriko dutela diote, eta Gernika-Lumoko ponpategia ere martxan jarriko dutela azaldu dute: “Guzti hori ponpategian lan egiten duten langileentzako lan karga izugarria izango da, ia %100 igoko zaie lana”. Bermeoko langileei ere eragingo die, ur guzti horiek Bermeora bideratzen direlako: “Han ere langileria justua dago. Eta lan horietarako beste bizpahiru langile beharko lirateke”.
Itxaroten daude, ezer egin ezinik, eta “nekatu” dira: “Bilbori itxaroten gabiltza, eta hemen ere gure lan karga izugarri hasi da. BUPeko kontseiluari gure beharrizanak plazaratzen dizkiogu, baina ez digute ezer egiten uzten, Bilbo etorriko delako”. Horregatik erabakiak “behar” dituzte. Bertan geratuz gero, euren egoeraren azterketa burutu gura dute. Enpresan langileen azterketa bat egin gura dute, eta jakin zenbat langile behar diren postu bakoitzerako. Jakinarazi dutenez, duela bi urte ere egitekoak ziren, baina dena gelditu zuten, integrazioa burutu behar zelako. “Hemen geratuz gero, gauzak ondo egin gura ditugu, lan duinak izateko. Beharrezko langile kopurua zein den zehaztu beharra dago”.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzea erabakiz gero, euren eskubide eta beharrizanen alde lan egiten segituko dute. 2019ko urtarrilaren 10ean, langileak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradun nagusiekin bildu ziren, integrazioari eta euren lan baldintzei buruz hitz egiteko. Dena “oso ondo” jarri zutela diote langileek, baina ezer ez dagoela idatzita azpimarratu dute.
Batzordeak. Euren eskubideak defendatzeko eta beharrizanak plazaratzeko negoziazio batzordeen parte izan behar direla ere aldarrikatu dute: “Integrazioaren nondik norakoez hitz egiteko batzorde bat osatu zuten, BBUP eta BUPeko bina ordezkarigaz. Baina langileok ez gaude inon ere ordezkatuta. Ez digute ezertarako deitu. Baztertuta gaudela sentitzen dugu”.
Gaurko aldarriak Gernika-Lumon ere plazaratuko dituztela jakinarazi dute. “Gernikan ere egin gura dugu, presidenteak zerbait egiteko. Kasu apur bat egiteko eskatzen dugu”, azaldu dute. Hala, gaurko elkarretaratzean egon ezin izan direnei ere protestetan parte hartzeko aukera ematen diete: “Ezin izan gara denok etorri, bakoitzak bere postuan egon behar duelako. Ahal izan duena gerturatu da”.