Zaintza profesionala publikoa izatea eskatu dute
Zaintza sektorean sistema aldaketa bat egitea "ezinbestekoa" dela aldarrikatu dute gaur Gernika-Lumon. ELAk greba eguna deitu du gaurko, eta pertsona eta kolektibo ugarik bat egin dutela dio.
Zaintza sistema publikoaren aldeko protesta eguna izan da gaurkoa. Sektoreetako langileek pairatzen duten prekarizazioa salatzeko greba eguna deitu du gaurko ELAK, eta pertsona eta kolektibo ugarik bat egin dutela zehaztu du sindikatuak. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako “gehiegizko zerbitzu minimoak” salatu ditu: “Horrek greba eskubidea galarazi die langile askori”.
Gernika-Lumoko Foruen Plazan elkartu dira zaintza sektoreko hainbat langile, eta aldarrikatu dute zaintza profesionalek publikoak izan behar dutela. Horretarako, sistema aldaketa bat “ezinbestekoa” dela aldarrikatu dute: “Zaintza publikoa izan behar da, lanera beldurrik gabe joateak bermatzen duen sistema bat behar da, interes kapitalista eta alderdikoien aurrean babestuta egongo den sistema bat”.
Halaber, pertsonetan oinarritutako sistema baten alde egin dute. Izan ere, udalei eta gobernuei eskatu diete “negozioan oinarritzen den” egungo eredua guztiz aldatzea. “Agintariek ondo dakiten bezala, eurek defendatzen duten ereduak ez ditu bermatzen bizi baldintza duinak, ez langileentzako ez erabiltzaileentzako. Covid-19ak eragindako ehunka hildakoak eta milaka langile kutsatuak horren adibide argia dira”, adierazi dute.
Langile guztiak publikoak izango diren sistema bermatu behar dela uste dute ELA sindikatukoek: “Azpikontratazioaren eta behin-behinekotasunaren gaitza bizi izan duten langile guztion subrogazioa eta finkotasuna bermatuko duen sistema behar da”. Lan talde zabal eta hurbilekoen alde egin dute, zaintza behar duten pertsonak “modu duin eta integralean” artatuko dituena, bizitzako ziklo guztietan: “Hurbiltasunean, kalitatezko tratuan eta pertsonen autonomiarekiko errespetuan oinarrituta”.
Langileentzat ere, lan baldintza duinak eskatu dituzte: “Hilabete amaierara iristea ahalbidetuko duen sistema gura dugu, zainketen balio soziala eta produktiboa aitortuko duena”. Genero-arakala ezabatzeko neurriak ere hartu behar direla aldarrikatu dute. Eta langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat duen sistema behar dela nabarmendu dute, “pandemiak uzten dizkigun ondorio larriak, neurri batean behintzat, arinduko dituena”.
Gaur egungo egoera. Beharrizan horiek beharrezkoak direla esan dute, eta zaintza sektoreko langileek bizi duten egoera “prekarioa” dela nabarmendu dute.
“Lan talde guztiz exkaxak eta ratio gizagabeak, izugarrizko lan-kargak dakartzatenak eta behar besteko arreta bermatzen ez dituztenak daude indarrean. Baita ere pertsonak zainduak izateko duten eskubidea urratzen dutenak”, azaldu dute sindikatukoek. Izan ere, langileek egutegi “gizagabeak” dituztela nabarmendu dute.
Gainera, adierazi dute baliabide materialetan eta babes-neurrietan “ez inbertitzeak” arrisku larrian jartzen duela langile eta erabiltzaileen osasuna.