Udalaren ohiko diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago
Gautegiz Artagako Udalak kirola, euskara, musika eskola eta haurreskolarako diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu berri du.
Kirola, euskara, musika eskola eta haurreskolako diru laguntzak eskatzeko 2020ko deialdia zabaldu du Gautegiz Arteagako Udalak. Hain zuzen, 8.400 euroko aurrekontua onartu dute eskabide guztien artean banatzeko, eta eskaerak abenduaren erdialdera arte egin daitezke.
Zehaztu dutenez, eskabideak aztertu eta gero udalak aurreikusitako diru kopurua baino kopuru handiagoa behar bada, lortutako zenbatekoaren eta eskura dagoen diruaren arteko diferentzia zatituko da, “diru laguntza jasotzeko eskubidea duten eskatzaile guztien artean”.
Diruz lagunduko dira Gautegiz Arteagan egin ezin diren kiroldegietako jarduerak. Hori horrela, herritarrek jasoko duten zenbatekoa kiroldegia dagoen herri horretako erroldatuen abonu tarifen eta Gautegiz Arteagako erroldatuen abonu tarifen arteko aldea izango da. Izan ere, kiroldegiek aparteko tasa kobratzen die herriko bizilagunak ez diren erabiltzaileei.
Musika eskoletan ere, diruz lagunduko den zenbatekoa erroldatuen abonu tarifen eta erroldatu gabekoen abonu tarifen arteko aldea izango dela zehaztu dute udal agintariek.
Euskara ikastaroei dagokienez, herritarrek jasoko duten diru laguntza ikasturteko matrikularen %50 izango da, eta barnetegi matrikularen prezioaren %20.
Gautegiz-Arteagako Haurreskolan matrikulatzen diren haurrek ere laguntza jasoko dute. Hain zuzen, %50eko diru laguntza edukiko dute.
Eskaerak. Diru laguntzen onuradunak eskabidea egin eta aurreko sei hilabeteetan Gautegiz Arteagan erroldatuta egon direnak izango dira. Horiek, Gautegiz Arteagako Udaleko erregistroan aurkeztu ahalko dituzte eskaera, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Eskabideak elektronikoki ere aurkeztu ahal izango dira www.gautegizarteaga.com web orriko online-izapideen atalean.
Jakinarazi dutenez, laguntzak hauek beste administrazio batzuek emandakoekin bateragarriak dira, eta, kasu guztietan haien osagarri izango dira. Hala ere, Gautegiz-Arteagako Udalak emandako diru-laguntzak ezin izango du, bakarka nahiz beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetako diru-laguntzekin batera, ordaindu beharreko zenbateko osoa gainditu