Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko ditu lanok, baina Morgako Udalaren ardura da horiek zuzentzea eta mantentzea.

Morgako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute udalerria zeharkatzen duen BI-3148 errepidearen zati bat hobetzeko.
Hitzarmenaren arabera, aurrerantzean, Morgako Udalarenak izango dira Oñarteko zeharbideko 31+450 kilometro-puntuaren eta 31+950 kilometro-puntuaren arteko 500 metroak, eta udalaren ardura izango da errepide zati hori hobetzeko lanak zuzentzeko eta errepidea mantentzeko zeregina.
Hain zuzen ere, 500 metro horietako 420 metrotan egingo dira hobekuntza lanak, 31+480 eta 31+900 kilometro-puntuen artean hain zuzen. Egin beharreko jarduketen artean, besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: galtzadaren zabalera handitzea, berariazko argiztapen- eta seinaleztapen-sistema jartzea, abiadura murrizteko zerrendak jartzea eta seinale horizontalak eta bertikalak jartzea.
Errepidea birmoldatzearen helburua ibilgailuen trafikoa baretzea, galtzadaren erabilera partekatua ahalbidetzea eta errepideko zerbitzu-sareak egokitzea eta modernizatzea dela jakinarazi du.
Aldundiak, berriz, proiektua berrikusiko du, lanok 300.000 euroko aurrekontuagaz finantzatuko dituelako. Jakinarazi dutenez, obrak 2021eko udaberrian hastea eta udan amaitzea aurreikusten dute.