Komun publikoak zabaldu dituzte
Santa Anako aparkalekuan ere komun publiko berria ireki dute.
Gernika-Lumoko Udalak udalerriko zortzi komun publikoak zabaldu ditu, “herritarrek ibilaldietan eta kirol-jardueretan erabil ditzaten”.
Komun horiek hurrengo hauek dira: Pasealeku behean dauden Juan Kaltzada kaleko biak, Santa Luzia parkekoa, udal merkatuan dagoena, autobusen geraleku nagusian kokatutakoa, Urbietan dagoena eta Lorategieta auzoan zegoena. Azken hori lekuz aldatu dute, eta Aita Luis Villasante parkera hurbildu dute.
Era berean, bakarrik garbitzen den komun publiko berri bat jarri dute martxan Santa Anan: “600 aparkaleku baino gehiagoko aparkalekuko erabiltzaileei, trenaren geralekuko erabiltzaileei eta Ezkien pasealekuko erabiltzaileei zerbitzua emango die”.
Guzti horrek 62.538,20 euroko inbertsioa duela jakinarazi dute udal arduradunek. Halaber, kostu horri beste %25 gehitu behar zaiola diote, COVID-19aren ondorioz instalazioetako garbiketen maiztasuna handitu egin delako. Guztira komunak garbitzearen aurrekontua 86.864,69 eurokoa da.
Gainera, udal instalazio publikoetako garbiketen maiztasuna ere handitu dutela nabarmendu dute arduradunek; besteren artean, eskola publikokoak, kiroldegikoak eta udal eraikinetakoak. “Instalazio publiko horiek garbitzen jarraituko dugu, osasun-krisia eta agintari eskudunek ezarritako neurri higieniko-sanitarioen arabera”, azaldu dute.
Zehaztu dutenez, kirol instalazioak garbitzeko 316.200,86 euroko gastua du udalak. Udal eraikinak garbitzeko –udaletxea, musika eskola, kontserbatorioa, kultur etxea, euskaltegia…– 193.124,57ko aurrekontua erabiltzen du, eta eskola publikoetarako, berriz, 202.923 eurokoa. Denetara, garbiketa lanetan 799.113,17 euro inbertitzen ditu udalak.