"Osasungintzan gabezia eta beharrizan nagusia langileriarena da"
Lehen arretako zerbitzuetan lan karga areagotu egin zen COVID-19aren lehen olatuan. Orain, materialez hornitu dituzte osasun zentroak, baina langile falta dagoela nabarmendu du Aranburuk.
Lehen arretako familia medikua da Maria Aranburu gernikarra. Lekeitioko osasun zentroan lan egiten du, eta lan karga «handia» dutela onartu du. Izan ere, egunerokotasunean ordutegitik kanpo ere «ordu mordoa» sartzen dituztela aitortu du.
Lehen arretan COVID-19a baino lehen gabezia batzuk zeunden. Eta pandemian azaleratu egin dira. Zein da lehen arretako zerbitzuen errealitatea?
Egoera ez zen erreza COVID-19aren aurretik, baina orain itolarrian gaudela esango nuke. Pandemia hasieran zegoen ezjakintasunak sortutako antsietateak eta ostean izan dugun lan karga guztiak erabat nekatu gaitu, fisikoki zein emozionalki. Gaur egun gure agendak dei telefoniko eta lan administratiboz josita daude.
Zeintzuk dira dituzuen gabeziak? Eta beharrizanak?
Martxoan material eta informazio falta izan ziren gabezia nagusiak. Izan ere, inor ez dago horrelako gertaera baterako prest. Baina, denborak aurrera egin ahala, materiala izan badugu, hornitu egin gaituzte zentzu horretan eta protokoloak ere eguneratzen eta egonkortzen joan dira. Hala ere, gabezia eta beharrizan nagusia langileriarena da; pandemia aurretik bazena eta orain nabarmen areagotu dena.
Langileen beharrizana zenbaterartekoa da?
Zenbakietan ezingo nuke zehaztu baina egunerokotasunean ikusten dugu ez garela heltzen, ordutegitik kanpo ordu mordoa sartu ditugu. Pertsonekin lan egiten dugu, arduraz eta arazoz betetako pertsonak dira. Erantzun bat behar dute, eta erantzun horiek behar bezala eman nahiean, gure ongizatea ez da bermatuta egon. Asko dira langileriaren parte bat bajan duten osasun zentroak, baja horiek ordezkatu barik daude, murrizketak egin dituztelako. Hori denbora luzez gertatu den kontua da, pandemia aurretik ere.
Azkenaldian, pandemia dela eta, askotan entzun dugu “ez dagoela medikurik”. Administrazioaren jarrera zelakoa izan dala uste duzu? Gestioa ona izan da?
Medikuak egon badaude, baina osasun sistema publikoan lan egin ahal izateko espezializatuta egon behar da; familia medikuntzan, pediatrian, kardiologian… Urtero MIR azterketa hori burutu eta plaza Espainiako Ministerioan hautatu beharra dago. Hautaketa horretatik mediku asko kanpo geratzen dira. Beste alde batetik, berriz, egon diren mediku asko ere ez dira behar bezala zaindu, kontratu oso ezegonkorrak izan dituzte eta, horren aurrean, lanera beste leku batzuetara joatea erabaki dute: ospitaleko larrialdi zerbitzuetara, mutuetara, medikuntza pribatura… edo beste batzuk Euskal Herritik kanpo joan dira.
Hori konpontzeko neurririk hartu da ?
Medikuen kasuan ez dira gehiago kontratatu. Erizainak kontratatu dituzte eta administrazioko langileak ere, baina ez dira nahikoak, euren lana ere nabarmen igo delako.
Lehen arretako zerbitzuak indartu egingo dituztela esan dute askotan. Nabaritu duzu hori? Zelakoa da egoera Lekeition?
Ez da nabaritu, dagoen pertsonalarekin lan karga gehiago dugu. Udan langile kopuru erdiarekin burutu dugu lana, aurten oporrak epe mugatu batean hartu behar izan ditugulako eta ordezko bakarra izan dugulako pediatria eta nagusien 10 medikuko lan-talde baterako. Gainera, Lekeition, udan, biztanle kopurua hirukoiztu egiten da. Ohikoa da udazkenean lan gehiago izatea, urtaro txarra izaten delako paziente kronikoen ohiko deskonpentsazioengatik. Guzti horrek erabat erre gaitu langileei. Eta, gainera, bigarren olatu honetan koronabirus inzidentzia-tasa oso altua dugu Lekeition. Lan asko dugu.
“Langile gehiago behar ditugu, eta beti bezala, berandu gabiltza”
Zelakoa da orain, bigarren olatuan, ematen den zerbitzua? Zein protokolo jarraitu behar dituzue?
Koronabirusari dagokionez, lan asko daukagun arren, dena esan bezala protokolo batean jasota dago, bai kasu positiboena zein kasu horien kontaktuen kontrola; aztarnarien bidez egiten da hori. Baina aurretiaz burutzen genituen kontrol asko ezin izan dira bermatu hilabete hauetan, paziente kronikoen kontrola, esate baterako.
Zer egin beharko luke administrazioak?
Argi dago profesional gehiago kontratatu behar direla, urteetako beharrizana da eta aurreikuspen faltak egoera honetara eraman gaituelako.
Zergatik da horren garrantzitsua lehen arretan zerbitzu onak eskaintzea?
Gaixotasun larrien diagnostikoa, kronikoen kontrola, gaixo paliatiboen zaintza, etxeetara bisitak… Horiek guztiak burutzen ditugu lehen arretako osasun langileok, baina orain 7 hilabetekoarekin alderatuta, denborak eta kalitateak behera egin dute nabarmen, ez gara denetara heltzen. Horregatik, lehen arretan zerbitzu ona eskaitzeak osasun prebentzioan du eragina, gaixotasunak ahalik eta arinen prebenitzea, diagnostikatzea edo kontrolatzea ondorio larriagoak ekiditeko bidea baita.
Zein ondorio dakartza lehen arretan beharrezko zerbitzua ez eskaintzeak?
Lehen esan bezala, lehen arretak egin beharko lukeen prebentzio lan hori ez badu burutzen, gaixotasun batzuk larriagotu egiten dira, eta gaixoek ospitalean bukatzen dute. Ospitaletan egoera ezegonkortzen hasi da dagoeneko, betetzen hasi direlako, eta bertako langileek ere euren gain daramate hilabeteetako zama eta sufrimendua.
“Lehen arreta ona eskaintzeak prebentzioan du eragin zuzena”
Aurrez aurreko arreta eten egin da COVID-19 garaian. Ze zentzu du horrek? Ados zaudete telefono bidezko zerbitzuagaz? Lan karga handitu zaizue?
Lehen balorazioa kontsulta telefoniko bidez egiten dugu eta jasotako informazioaren arabera erabakitzen dugu kontsultan ikusi edota kontsulta telefoniko horrekin hasieratik irtenbidea eman dakiokeen. Azken finean, osasun zentroetara derrigorrean etorri behar duten pazienteak dira zahurgarrienak: sintrom kontrolak, haurdun daudenen kontrolak, haurren azterketak edota ultzeren sendaketak, besteak beste. “Triaje” telefonikoaren bidez, eurak babestea da helburu nagusia, kutsatzea saihesteko, hain zuzen. Telefono bidezko zerbitzuarekin sentimentu kontrajarriak ditut, nire pazienteak normaltasunez ikustea gustatuko litzaidakeelako, baina, lehen aipatutakoagatik, badakit ezin dela egin. Beste alde batetik, telefono deiz jositako agenda saturatuekin gure lan karga handiagoa da eta, ondorioz, kalitateak behera egiten du, nahigabe.
Osasungintzan greba deituta dago biharko. Zergatik da beharrezkoa?
Gehiago ezin dugula aldarrikatzeko da beharrezkoa. Gure pazienteak ondo artatu nahi ditugu, denbora eskainiz, kalitatezko denbora. Euren ongizatea nahi dugu, eta hori bermatzeko gure ongizatea bermatu beharra dago. Langile gehiago behar ditugu eta, beti bezala, berandu gabiltza.