Ostalariek laguntza eskatu dute
Herritarrak babesa adierazi zioten sektoreari. Ostalariek jakinarazi dutenez, aldarrikapenak astero plazaratuko dituzte zapatuetan 17:30ean, Merkurion.
SOS Ostalaritza plataformak deituta, Gernika-Lumoko ostalari eta herritarrak kalera atera ziren atzo sektoreari babesa adierazteko. Elkarretaratzea egin zuten Merkurion, eta Eusko Jaurlaritzak hilabete osorako taberna eta jatetxeei ezarritako itxialdiari aurre egiteko laguntzak eskatu zituzten. Aldarrikapenak astero-astero plazaratuko dituzte, zapatuetan, 17:30ean, Merkurion.
17:30tan elkartu ziren atzo elkarretaratze zaratatsuan, eta gaur egungo egoera ez dela ostalarien errua aldarrikatu zuten udalerriko ostalariek: “COVID-19aren kutsatzeak tabernetan bakarrik ematen direla dirudi”. Sektorea “kriminalizatu” dutela diote, eta hori ez dela “justua” uste dute. “Gure bizitza da ostalaritza. Beste leku askotan ere kutsatzen da jendea, baina agintariek hartu dituzten neurriak ostalarien aurka bakarrik doaz. Badirudi birusa tabernetan eta gauez bakarrik transmititzen dela, eta egunez ez dela ezer gertatzen”.
Osasun eta higiene neurriak errespetatzen dituztela esan, eta hala eta guztiz ere, eurak direla euren negozioak itxi behar dituztenak gogoratu zuten: “Gu gara segurtasun neurri gehien ditugunak, eta denak errespestatu ditugu. Baina gure taberna eta jatetxeak zarratu dituzte”.
Gainera, bigarrenez aurten, neurriak “bat-batean” eta momentu batetik bestera hartu dituztela salatu zuten: “Uste genuen neurri hauek astelehenean jarriko zirela indarrean, asteburua eta gero”. Izan ere, taberna eta jatetxeek astebururako aurreikuspenak erosita zituzten: “Generoa erosita genuen astebururako, eta berriro itxi behar izan dugu jatetxea egun batetik bestera. Martxoan ere egun batetik bestera itxi behar izan genuen”.
Desinformazioa. Taberna edo jatetxeak ixteko aginduaz gain, “desinformazioa” dela nagusi uste dute, ez dietelako laguntzei buruz ezer esan. “Itxi egin behar dugula esan digute, baina laguntzei buruz ez dute ezer esan. Oraintxe bertan, dakigun bakarra da hilabete honetan ez dugula diru sarrerarik izango, baina dena berdin ordaindu beharko dugula: alokairua, argia, ura, zergak, langileak… ezjakintasuna da nagusi”. Hori horrela, agintariei laguntza eskatu zieten.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetan egin zituzten atzo mobilizazioak, eta horiek bukatuta, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen beste 25 milioi euro bideratuko dituela ostalaritzara, turismora eta merkataritzara zuzendutako diru laguntza zuzenen funtsera —asteazkenean esan zuen 15 izango zirela—.
Sektoreak laguntza behar duelako, ostalaritza laguntzeko neurriak proposatu ditu Gernika-Lumoko EH Bilduk: “COVID-19aren lehen olatuan egin moduan, neurriak eskatzen dizkiegu udal eta beste instituzioei”. Hilero ostalariek 600 edota 1.200 euro arteko diru laguntzak jasotzea, eta, %25etik gorako galerak dituztela egiaztatzen duten autonomoei 400 eta 800 euro arteko laguntzak ematea proposatu dute koalizio abertzaleko kideek. Halaber, autonomoentzako laguntza programa “berreskuratu beharra” dagoela eta zerga zorraren ordainketa geroratu behar dela uste. “Lokalen alokairuen prezioak murrizteko txosten juridikoa egin beharko zen”, gaineratu dute.