Zallo hilerriko historia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Bakearen Museoak
Azaroaren 7 eta 8rako jarri dute hitzordua, eta bi txanda prestatu dituzte egun bakoitzerako. Bertaratu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute.
Historiaz betetako memoriaren lekuak dira hilerriak. Gernika-Lumoko Zallo hilerriak ere badauka zer kontatu. Hori dela eta, Bakearen Museoak udalerriko hilerriari buruzko historia ezagutarazteko bisita gidatuak antolatu ditu.
Bisita gidatuetan, Zallo hilerria 36ko gerraostean handitu zutela kontatuko dute. “Gatazka honekin zerikusia duten espazioen ibilbidea egingo dugu, gerrako urteetatik gaur egunera arte, eta jarduera desberdinen ondorioz gernikarren kanposantua zelan joan den aldatzen ikusiko dugu”, azaldu dute museoko arduradunek.
Azaroaren 7 eta 8rako jarri dute hitzordua, eta bi txanda prestatu dituzte egun bakoitzerako. Lehenengo txandakoak 11:00etan batuko dira museoan, eta 11:15ean ekingo diote bistari. Bigarren txandakoak, berriz, 12:30ean elkartuko dira museoan, eta 12:45ean hasiko dute bisita hilerrian. Museoko arduradunek azaldu dutenez, saioak gazteleraz izango dira.
Bertaratu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute 94 627 02 13 telefono zenbakira deituta edota museoa@gernika-lumo.net helbide elektronikora idatzita.