Eako Kutxabankeko zerbitzua martxan jartzeko eskatu dute
Asteroko aurrez aurreko zerbitzua ematea eta kutxazainaren berreskurapena eskatu dute, eta horretarako sinadura bilketa abiatu dute.
Eako Kutxabanekeko zerbitzua martxan jartzeko eskatu dute herritarrek. Hain zuzen, asteroko aurrez aurreko zerbitzua ematea eta kutxazainaren berreskurapena eskatu dute: “Koronabirusaren aurretik genuen egoerara bueltatu gura dugu. Gure alboko herrien pareko zerbitzua behar dugu, orain arte legez”.
Hori horrela, pankarta bat jarri eta sinadura bilketa hasi dute Eako, Natxituako eta Bedaronako herritarrek. Zehaztu dutenez, zapatura arte egingo dute sinadura bilketa.
Orain dela urte batzuk Kutxabankeko bulegoaren aurrez aurreko zerbitzua “erabat” murriztu zen herrian, zerbitzua asteko egun bakarrera murriztuz. Koronabirusaren ondorioz, gainera, egun bakar hori ere bertan behera geratu zen, osasun egoera tarteko. Hori horrela, zazpi hilabete daramatza Kutxabankeko bulegoak zarratuta. Martxoan itxi zutenetik, oraindik zabaldu gabe jarraitzen du. Halaber, maiatzaren 14an gertatutako sute baten eraginez, kutxazainaren zerbitzua bertan behera geratu zen.
Zerbitzua “betirako” kendu gura dutela uste dute herritarrek: “Gu bazalako herri batzuetan egun bakarreko zerbitzua berreskuratu egin dutela badakigu, eta kutxazain zerbitzua mantendu. Zer dela eta gure udalerrian ez? Zer dela eta ez dago erabilgarri zerbitzu hau?
Zerbitzua martxan ez jartzeak herritarrak “elbarri” uzten dituela adierazi dute: “Herriko biztanleriaren portzentaia altua da adinez nagusia, mugikortasunerako oztopoekin eta telematikoki moldatzen ez dena. Zer egin egoeraren aurrean? Oraindik eta makilakada gehiago jaso, eta betidanik izan ditugun zerbitzuak murriztu. Gernika edo Lekeitiora bideratzen dituzte herritarrak”.
Eta hori ez dela adinekoei “bizitza duina” eskaintzea uste dute. Gainera, jarrera hori mantentzea Kutxanbanken oinarrien aurka doala diote Eako bizilagunek: “Deklarazio eta dokumentazio ugaritan erakundearen gizarte bokazioa maiz entzun dugu. Baina horrelako neurriekin saldutzat jotzen dugu gure burua”.
Halaber, gogoratu dute udalerriko bisitariak ere bulegoen itxierak kaltetutako sektorea direla. “Gure herriaren izaera eta kokapenagatik, herritarroi ez ezik,. bisitariei ere zerbitzua eskaintzen izan zaie. Gurean asko dira uda pasatzera datozen bisitariak”, azaldu dute, eta ondorioz, zehaztu dute beste udalerri batzuetara joan behar izaten dutela beharrezko eragiketak egitera.
Udalerriko enpresa eta autonomoek ere kalteak jasan dituztela diote: “Lehen gutxi baziren, banka zerbitzurik ez izatea oztopo handiagoa da”.