26 kasu positibo berri zenbatu dituzte azken hiru egunetan Busturialdean
Eskualdean COVID-19agaz kutsatutako kasu berri gehienak Bermeon erregistratu dituzte: 13. Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak "hainbat aukera" ditu esku artean, eta horien artean legoke "ezinbestekoa ez den ekonomia jarduera oro etetea, etxeratzeko ordua aurreratuta".
Barikutik domekara bitartean COVID-19agaz kutsatutako 26 kasu positibo berri erregistratu dituzte Busturialdean.
Denetara, eskualdean COVID-19agaz kutsatutako kasu berri gehienak Bermeon erregistratu dituzte: 13. Gernika-Lumon, berriz, 6 erregistratu dituzte azken hiru egunetan, eta bana Busturian, Foruan, Ibarrangelun, Kortezubin, Morgan, Mundakan eta Muxikan. Horietatik 9 atzeman zituzten barikuan, 7 zapatuan eta 10 atzo.
Gaur jakinarazi dutenez, 12.452 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 972 izan ziren positiboak. 4 Bermeon erregistratu zituzten, 3 Gernika-Lumon, eta bana Busturian, Foruan eta Morgan. Lurraldeen arabera 520 kasu positibo zenbatu dituzte Bizkaian, 368 Gipuzkoan eta 64 Araban. 20 atzeman dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren pertsonetan.
Ospitaleen egoerari erreparatuz, 43 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVIDa duten 104 pertsona daude ZIUn.
Egoera aztertuko dute aste erdian. Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan jakinarazi duenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako egoera epidemiologoaren egoera aztertuko dute aste erdian. Esan duenez, Eusko Jaurlaritzak “hainbat aukera” ditu esku artean, eta horien artean legoke “ezinbestekoa ez den ekonomia jarduera oro etetea, etxeratzeko ordua aurreratuta”.
Baztertu egin du martxoan ezarritako etxeko konfinamendua berriz ezartzeko aukeraz hitz egitea: “Horretaz mintzo banaiz, alarma gisa ulertuko da, konfinatu egingo garela”. Baina “dena mahai gainean” dagoela ohartarazi du. Egoera “kezkagarria” dela dio, eta azaldu duenez, asteazkenean eta ostegunean aztertuko dute zer neurri beharko den. Izan ere, egun horietako datuek erakutsiko dute bidea. Ordurako ikusi beharko litzateke alarma egoerak ekarri dituen murrizketek zer eragin izan duten kasu berrien kopuruan.
Lehendakariak azpimarratu du Bizkai, Araba eta Gipuzkoak osasun-sistema sendoa duela, eta azpimarratu du osasun sistemak gairtasuna duela egoerari erantzuteko: “Egoera gogorrago bati aurre egiteko prest gaude, erantzuteko gaitasuna duen osasun sistema bat dugulako”.
Hala ere, herritarrei gomendatu die kontaktuak ahalik eta gehien mugatzeko, “harreman sozialek birusaren transmisioan eragina duelako”. Horregatik, herritarrei eskatu die ez mugitzeko sei pertsonako burbuilatik kanpo: “Pandemia hau luzerako doa eta birusarekin bizitzen jakin behar dugu. Agian ez gara horretaz jabetu eta lehen olatuaren ondoren erlaxazio handiegia egon da maila indibidualean eta kolektiboan. Denok dakigu zer egin behar dugun transmisioa saihesteko “.
Lehendakariak aitortu du, gainera, garraio publikoan ezinbestekoa dela ibilgailu gehiago jartzea, bidaiariak ez pilatzeko, eta Jaurlaritza horretan lanean ari dela gaineratu du.