Konfinamendua luzatzeko proposamena, baina aldaketekin
Sanchezek alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko eskatuko du asteon, Espainiako Kongresuan. Apirilaren 27tik aurrera, baina, umeak kalera atera ahalko dira. Urkulluk kirola egiten ateratzeko baimena emateko ere eskatu dio Sanchezi. Ikasleak ikasketetara bueltatu dira gaur, etxetik. Gernika-Lumon, asteleheneko plazak bere jarduera berreskuratu du, neurri batean. Postu gutxi batzuk ipini dituzte -65 urtetik beherako saltzaileek dute baimena-, eta bertara erosten joateko neurri bereziak hartu dituzte.
Alarma egoera beste hamabosta luzatzeko proposamena egingo du Espainiako Gobernuak. Eguaaztenean eramango du Espainiako presidente Pedro Sanchezek proposamena Espainiako Kongresura. Hurrengo astelehenetik aurrera, baina, konfinamendu egoerak aldaketak ekarriko ditu, eta umeak tarte batean etxetik ateratzea baimentzeko proposamena ere egingo du Sanchezek.
Iñigo Urkullu Lehendakariak modu positiboan baloratu du umeenganako neurri berri hori. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «normalitate berri baterako trantsizio plana» bidaliko dio datozen egunetan Pedro Sanchezi, eta eskua luzatu dio elkarrekin aritzeko. Besteak beste, normalitatera buletatzeko prozesu horretan, zenbait eskari egin nahi dizkio Jaurlaritzak Espainiari; besteak beste, kirola egiteko ateratzea edo zenbait saltoki zabaltzeko baimena ematea.
Urkulluk esan du OMEren arabera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «etapa berri baterantz» joateko adierazleak egon badaudela, eta segurtasun neurriak errespetatuz, itxialdia lasaitu daitekeela uste du. Hala, umeak kalera denbora mugatuak atera ahal izatea zilegizkoa jo du Lehendakariak. Kirola egiteari dagokionez, proposatu du espazio irekietan egin ahal izatea, kasu horretan denbora mugatu batean eta banaka. Azkenik, proposatu du saltoki eta enpresa txikien irekiera, «segurtasun neurri zorrotzekin eta pertsonen arteko distantzia gordez».
Bitartean, gaur bertan, ume eta gazteak ikasketei ekin diete gaur berriro, etxetik. Aste Santuko oporraldia amaituta, etxetik ikasten jararituko dute umeek datozen asteetan. Egoera horrek sortzen dituen desberdintasun eta arriskuekin ohartarazi dute, arrakala digitalaren arazoa, kasurako. Steeilaseko bozeramaile Ana Perezek ere ikasleen babesgabetasunari buruz ohartarazi zuen Busturialdeko Hitzak egin zion elkarrizketan.
Lanera buelta. Bestalde, esentzialak ez diren lanpostuek ere jarduera bererskuratu dute, eta langileak lanean hasiak dira. Urkulluk ekoizpen-jarduerara itzultzearen balorazio positiboa egin du. Sindikatuek, baina, salatu dute zenbait enpresatan protokoloa ez dela eraginkorra eta babes neurriak ez direla behar bezala betetzen. Bitartean, Gernika-Lumon asteleheneko azokak bere jarduna berreskuratu du, neurri batean.