Astelehenetako plazara bueltatu dira hamabost ekoizle
Ezohiko itxura izan du Gernika-Lumoko astelehenetako merkatuak. Azken hilabetean itxita egon eta gero, segurtasun neurri zorrotzak errespetatuz, hamabost ekoizleren produktuak erosi ahal izan dituzte bertaratu direnek.
Gernika-Lumoko Merkatu plazak ateak ireki ditu berriro. Udalak astelehenetako azoka ez egitea erabaki zuen konfinamendua ezarri zenean, eta azken hilabetean itxita egon eta gero, gaur, tokiko nekazariak plazan elkartu dira berriro. Egoera, baina, “oso desberdina” izan dela diote.
Ohikoa ez den itxura izan du astelehenetako azokak. Busturialdeko eta inguruko ekoizleen hamabost postu besterik ez ditu izan, eta sarrera kontrolatzeko segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte; gehienez 50 lagun bakarrik egon ahal izan dira plaza barruan.
Baserritarrek “pozik” hartu dute Gernika-Lumoko plazara gerturatzeko aukera, baina, erabakia berandu iritsi dela diote.”Bueltatzeko gogoz egon gara, baina erabakia oso berandu iritsi da”, dio Iñaki Gonzalo erlezainak, eta merkatua dela euren produktuak saltzeko bidea nabarmendu du: “Beharrezkoa da guretzako. Gure produktuak baserritik atera behar dira, eta guk hemen saltzen dugu gehien”.
Sabin Aranburu gazta ekoizleak ere plazara bueltatzeko “beharrizana” azpimarratu du: “Ez dugu produktuak saltzeko beste aukerarik izan. Plazara etortzea da gure produktua saltzeko erarik eraginkorrena. Salmenta handienak Gernikan eta Durangon ditugu, eta horiek itxiz gero, ez daukagu zer eginik”. Nerea Foruria ekoizleak, bere aldetik, Gernikako plaza “faltan” izan dutela dio: “Beste merkatu batzuetara joan ahal izan gara, baina Gernikakora ez . Faltan izan dugu”. Jabier Garmendiak ortuariak saltzen ditu, eta azken hilabetean lagunei saltzen ibili direla dio, “bizia ateratzen”. Hala, merkatuen alde egin du.
Ekoizleentzako beharrezkoa izan da plaza, baita kontsumitzaileentzat ere. “Saltzen dutenen moduan, kontsumitzaileek ere bertakoa kontsumitzeko beharra dugu”, diote plazara bertaratu direnek.
Gaurkoan ezin izan dira bertaratu 65 urtetik gorako saltzaileak, arrisku-taldeetan sartutako pertsonak direlako. “Itxura tristea dauka, ez da betiko plaza”, diote ekoizleek. Nagusienak ez bertaratzearen erabakia ondo hartu dute batzuk, eta horren kontra agertu dira beste batzuk. “Ez dakit zergatik hartu duten erabakia. Adinagatik arrisku taldea dela diote, baina kontutan eduki behar dugu, plaza bizirik badago jende nagusiari esker dela. 65 urtetik goragokoek ezin dute saldu, baina erosten etor daitezke?”, hausnartu du Gonzalok.
Garmendiak uste du “pena handia” dela nagusiak ez gerturatzea: “Zenbat eta jende gehiago egon, hobeto. Horrek eskaintza handiagoa izatea eta jende gehiago gerturatzea dakarrelako. Plaza denentzat da, gazte zein zaharrentzat”.
Denbora igaro ahala, baserritar nagusiak hurbiltzea espero dute: “Ekoizle gehienak nagusiak dira, eta denbora igaro ahala eurak ere gerturatzea espero dugu. Plazan hutsik dagoen eremua antolatu eta ekoizle gehiago etortzea posiblea dela uste dut”.
Herritarren harrera. Alarma egoera ezarri zenetik lehenengoz batu dira ekoizleak plazan, eta herritarrek ez dute hutsik egin. Ohi baino jende gutxiago gerturatu den arren, plazara gerturatu dena erosten joan dela diote: “Jendea hurbildu da, eta ondo saldu dugu. Apurbat kostatzen da hasieran martxa hartzea, baina hurrengoan jende gehiago egotea espero dugu”.
Lourdes Malaxetxebarriaren postuko saltzaileak jendea etorriko zela bazekitela dio: “Bagenekien etorriko zirela, baina ez zenbateraino etorko ziren. Gure produktuak ekarri dugu, egoerara moldatuta”.
Neurriak errespetatuz. Segurtasun neurriak errespetatu dira, eta plazara erostera joatea “segurua” dela uste dute baserritarrek: “Segurtasun neurri asko hartu dira. Distantzia mantentzen da, leku zabal da, eta norbera babesteko ekipamenduak ditugu”. Sarbide bakarra egon da, eta udaltzainak arduratu dira jende kopurua kontrolatzeaz, “segurtasun-tarteak bete daitezen”.
Hori horrela, kontsumitzaileei bertaratzeko deia egin diete ekoizleek, eta bertokoa kontsumitzearen alde egin dute. “Jende askok ez du ulertu plaza zergatik zabaltzen den. Guk ez duguna ulertzen, baina, supermerkatu handiak zabalik egotea eta guk ezin saldu izatea izan da. Gure salmentak oso ziurrak dira, zuzenean saltzen ditugu, inolako bitartekorik barik”, adierazi du Gonzalok, eta Foruria ados agertu da. “Bertoko merkatuak itxi eta jendea supermerkatu handietara bideratzea ez dut ondo ikusten. Guk zuzenean saltzen dugu, ekoizletik kontsumitzailera zuzenean doaz produktuak, beste zortzi eskutatik igaro beharrean”.