Busturialdean 29 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda
Murgak adierazi duenez, hotelak eta egoitzak prestatzen ari dira, "egoerak hala eskatuz gero, gaixoak horietan artatzeko".
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, denetara Busturialdean 29 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 14 dira konfirmatutako kasuak Bermeon, 9 Gernika-Lumon, 4 Busturian, eta bana Morgan eta Mundakan.
Atzoko 20:00etara arteko datuak dira horiek, eta Nekane Murga Osasun Saileko sailburuak jakinarazitakoari erreparatuz, guztira 2.421 pertsona dira konfirmatutako kasuak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Atzo 324 positibo zenbatu zituzten, eta horietatik 1.005 daude ospitalizatuta.
23 hildako zenbatu ziren atzo, “pandemiaren hasieratik kopururik handiena”. Hori horrela, guztira, 120 euskal herritar direla koronabirusaren eraginez hildakoak esan dute.
Gainera, lehen aldiz, Araba ez da kasu baieztatu gehien dituen herrialdea. Bizkaiak gainditu du; atzo 172 gaixo berri aurkitu zituzten, eta 1.032 positibo erregistratu dira guztira. Araban 97 dira kasu berriak, 1.009 guztira, eta 380 Gipuzkoan, horietako 55 atzo aurkitutakoak. Lurraldeka, honako hau da banaketa:
- BIZKAIAN, 1.032 lagun kutsatu dira, eta horietatik 541 ospitalizatuta daude.
- GIPUZKOAN, positiboak 380 dira (horietatik 136 ospitalizatuta daude).
- ARABAN, 1.009 kutsatu daude, eta horietatik 328 ospitalizatuta daude.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, guztira, 7.047 detekzio-proba egin dituzte, atzo 862 hain zuzen.
Agerraldian jakinarazi duenez, Gasteizen ezarritako lehen mailako arretaren zonakatze-sistema Bizkaiko Barrualde-Galdakao ESIra zabalduko dute. Izan ere, bertan, arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko erreferentziazko osasun-zentroak bederatzi dira: Basauri-Ariz, Galdakao, Amorebieta, Durango, Gernikako Ospitalea, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio eta Laudio. Aste honetan zehar iritsiko dela Bizkaiko gainerako eskualdeetara eta Gipuzkoara esan dute.
Antolaketaren berregituraketa hori Gasteizen aplikatzen ari direla aitatu du, Zabalgana, Salburua eta Lakuabizkarra erreferentzia-zentro izanik. “Neurri horiei esker, alde batetik, arnas sintomak dituzten pertsonentzako arreta zentralizatu daiteke koadro horiek artatzeko berariaz prestatutako zentroetan. Bestetik, biztanleei segurtasun handiagoa eman dakieke, zirkuitu zehatzak ezartzen baitira arnas sintomak dituztenek gainerakoak kutsa ez ditzaten”, adierazi du osasun sailburuak.
Osasuneko sailburuak, gainera, izurritearen bilakaerak eragindako beste asistentzia-aldaketa batzuen berri eman du. Basurtoko pediatriako larrialdiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte, “arreta-zirkuitu espezifiko horien bidez pediatriako pazienteen espazioak gaitzeko eta, aldi berean, haien segurtasuna zaintzeko”. Bilbo-Basurtu ESIak haurrak artatzen jarraituko duela ere adierazi du Murgak, osasun-zentroetan eta etengabeko arretarako guneetan.
Bestalde, bihartik aurrera, Donostialdea ESIko Onkologia Medikoko eguneko ospitalea eta kanpo-kontsulten zerbitzua Onkologikora lekualdatuko direla adierazi du. Donostialdea ESIan erreferentziazko medikuak dituzten pazienteak profesional berak artatzen jarraituko dituela gaineratuz. Eguneko ospitalea ere Onkologikoko 2. solairura lekualdatuko da. Onkologikoan erreferentziazko medikuekin arreta jaso ohi dutenek mediku beraren asistentzia jasotzen jarraituko dute Onkologikoko 1. solairuan eta ohiko eguneko ospitalean.
Murgak adierazi duenez, gainera, gaixoen %30 baino gehiago daude ospitalizatuta. Halere, ospitaleratzea beti ez dela aukerarik onena aitatu du. Hotelak eta egoitzak prestatzen ari direla ere gaineratu du, “egoerak hala eskatuz gero, gaixoak horietan artatzeko”.