Koronabirusak presoen osasunean eta eskubideetan izan dezakeen eraginagaz kezkatuta
20 erakundek baino gehiagok presako neurriak eskatu dizkiote Barne Ministerioari eta Espetxe Erakundeei, eta Sarek bat egin du eskaeragaz. Besteak beste, larriki gaixorik dauden presoek eta adinekoek etxean egon beharko luketela diote, Koronabirusaren larritasuna eta espetxeetako higiene-baldintza eta osasun-zaintzako baldintza eskasak batu zaizkielako.
Koronabirusak presoen osasunean eta eskubideetan izan ditzakeen ondorioengatik kezkatuta daudelako, 20 erakundek baino gehiagok presako neurriak eskatu dizkiete Barne Ministerioari eta Espetxe Erakundeei. Besteak beste, larriki gaixorik dauden presoek eta adinekoek etxean egon beharko luketela diote, espetxeetan dituzten higiene baldintza eta osasun zaintzako baldintza eskasei, koronabirusaren larritasuna batu zaielako. Horrez gain, espetxeetan osasun-langile gehiago egotea eskatu dute. Erakundeek adierazi dutenez, “urgentziako neurriak hartu behar dira, batetik, kartzelen barruan koronabirusa zabaltzea saihesteko, eta, bestetik, askatasunik gabekoen oinarrizko eskubideak bermatzeko”.
Askatasunik gabeko pertsonen oinarrizko eskubideak zaintzeko premiazko neurri batzuk eskatzeko idatzia aurkeztu zuten 20 bat erakundek Espainiako Barne Ministerioan eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusian, atzo goizean. Sinatzaileen artean daude, besteren artean, Salhaketa Nafarroa, Salhaketa Araba, Osabideak, Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkartea (APDHA), i els Drets Humans Zigor Sistemaren Behatokia edo Auzoen Koordinakundea, eta Sarek eta Etxerat-ek egin dute euren eskariagaz.
COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak aitortutako alarma egoera indarrean dagoen bitartean, Espainiako espetxe guztietan zenbait neurri hartu dituzte. Presoen ohiko komunikazio guztiak bertan behera utzi dituzte, presoen zein familia eta lagunek duten zirkulazio-askatasuna mugatuta daudela argudiatuta. Baimendutako, programatutako eta bestelako irteerak ere ezin dituzte egin, baina, Errege Dekretuan zehazten diren ezinbesteko arrazoiengatik edota premiazko egoeretan espetxetik irten ahalko dira.
Hirugarren graduan daudenak eta malgutasun-araubidea aplikatuta gizarteratze-zentroetan edo zentro arruntetan daudenak zenbait jarduera egiteko atera ahal dira, eta aipatu errege dekretuaren 7. artikuluan agertzen dira zerrendatuta jarduerak. Espetxera bueltatzean ezarritako protokoloak bete behar dituzte. Horrekin batera, joan-etorri guztietan osasun agintariek emandako gomendioak eta betebeharrak errespetatu behar dituzte.
Espetxe guztietan, presoek baimenduta dituzten “telefono bidezko komunikazioak zabalduko” dituztela zehazten da, batez ere euren abokatuekin, uneoro defentsa-eskubidea bermatuta eduki dezaten.
Aipatu erakundeek Fernando Grande Marlaskak zuzentzen duen ministerioari espetxe administrazioari igorritako idatzian ohartarazten dutenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera, espetxe barruko “zerbitzu mediko desegoki bat tratu ankerra edo umiliagarria” izatera irits daiteke: “Hori dela eta, justizia penala behar bezala administratzeko, neurri humanitarioak hartu behar dira, besteak beste, kartzelatik ateratzea edo etxean atxilotzea. Gure ordenamendu juridikoak, adibidez, espetxe barruko askatasun-gabetzearen ordezko neurriak ditu gaixo dauden pertsonentzat edo adinekoentzat”.
Horregatik, espetxe barruko osasun-laguntzaren “egoera kritikoa” eta koronabirusak presoengan izan ditzakeen ondorioak ikusita, Espetxe Administrazioari eskatu diote, espetxe barruko “osasun-langileen plantillak berehala indartzeko”, bai eta koronabirusak eragindako pertsonak “osasun-instalazioetan isolatzeko, ziega baten ordez”.
Giza-arrazoiengatik kartzelatik ateratzeko neurrien artean, gaixotasun larriak dituzten eta 70 urte baino gehiago dituzten presoak berehala askatzeko eskatu dute: “Arrisku bikoitza duen talde bat osatzen dutelako, biztanleria prebentiboaren arrisku berarekin”. Beharrezkoa izanez gero, beste kontrol mota batzuk ezartzeko exijitu dute. Senideen eta presoen arteko komunikazioari dagokionez, aparteko telefono deiak doan izatea eta mintzalekuen bidez ahozko komunikazio arruntak areagotzea eskatu dute. Barne Ministerioak mota guztietako komunikazioak ezeztatzeko egindako iragarpenaren kontra daude, eta presazko izaeraz, espetxe guztietan, presoen eta maiztasunez haiekin harremana daukaten senideen arteko “bideo-dei sistema bat jartzeko” eskatu dute. Izan ere, erakundeen arabera, “ez du zentzurik gainerako herritarrek dituzten komunikazio teknologiak kartzeletan ere ez ezartzeak”.