"Halako erronka baten aurrean askatasunik ez eta aukera gutxiago dituzten pertsonak dira kaltetuenak"
Euskal preso politikoei gutunak bidaltzeko eskatu du Sarek. "Bisitarik ez dautenez, telefono dei apurrak baino ez dituzte eta kanpokoek egin ahal ditugun keinuen artean, idaztea izan liteke modu eraginkorrena, komunikazioa bermatu eta lotura hori eten ez dadin"

Bisitak bertan behera utzi dituztela-eta, euskal preso politikoei gutunak idazteko deia luzatu du Sare Herritarrak. Aste batzuez “kanpoko komunikazioak” etenda dituzte, “telefono dei apurrak baino” ez dituzte: “Kanpokoek egin ahal ditugun keinuen artean, idaztea izan liteke modu eraginkorrena, komunikazioa bermatu eta lotura hori eten ez dadin“. Barrutik kanporako bidea baldintzatuago geratu denez, kanpotik barrurako bide hori indartu beharra azpimarratu dute: “Denok behar dugu elkar zaintza. Eskubide urraketa sistematikoak pairatzen dituztenei, halako egoeretan are muturrekoagoa bihurtzen zaie egunerokotasuna”.
Konfinamentu honetan, herritarrek presoek bizi dutena hobeto uler dezaketela uste dute sarekideek, espetxe sistemaren ondorioak pairatzea, etxekoengandik urrun egotea eta eskubideak urratuta edukitzea, alegia. “Kartzela barruko errealitatea ulertzeko aukera hobea daukagu orain. Gutxienez, hamabost egunez ia egun osoa etxean sartuta egongo gara; oinarrizko gauzak, etxekoak alboan eta espazioa daukagu. Eurak hamapiku metro karratuko leku itxi batean, bakarrik eta etxekoen berotasun barik duade. Zoritxarrez denok edukiko dugu estualdi apur bat etxean hainbeste denbora egoteagatik, gura duguna ezin dugulako egin, bada pentsatu eurek egunero, urte askoz, daukatela egoera okerragoa, eta Euskal Herritik kanpo, etxekoengandik urrun”.
Saretik azaldu dutenez, presoek egoera okerragoa dute orain, eta eurek bizi dutenaren ezagupenik ez edukitzeak, orain artekoa baino ezinegon handiagoa sortzen die etxekoei. “Egoera ez da samurra. Salbuespen neurrien espetxe politika baten menpe bizitzera kondenatuta daude. Horrek komunikazioak urriagoak izatea suposatzen die. Orain, isolamendu sistematikoak areagotu egiten du hori; neurtuezin edo ikusi ezin den eran areagotzen du haien egoera”.
Berezko askatasun eza areagotu egin zaiela nabarmendu dute: “Seguraski ziegatik gutxiago irtengo dira, esku lan edota ikastaroetako tarteak murriztuko zaizkie edo kenduko dizkiete eta patio ordu gutxiago edukiko dituzte. Ustez euren segurtasunagatik bada ere, euren egoera kaltetzeko arriskua dute. Espetxea modu sistematikoan garatutako muturreko egoera bat da, eta halako faktore hain bortitza edota arrisku larriak eszenan jartzen direnean, neurtuezin edo ikusi ezin den moduan areagotzen dute euren egoera. Paradoxikoa da; metroan lanera joan gintezke, ezer pasatuko ez balitz moduan, eta eurei kristal arteko komunikazioa kendu diete”.
“Arrisku larriak eszenan jartzen direnean, neurtuezin edo ikusi ezin den moduan areagotzen dute euren egoera”
Gaixotasunak dituzten presoengan egoera askoz ere larriagoa dela gogora ekarri dute: “Adibidez, buruko gaitzak dituztenei, 20 ordutik gora leku itxi eta estuan bakarrik egoteak eduki litezkeen arriskuak areagotzen zaizkie denbora luzatuz gero. Berez espetxea leku itxi handi bat da; halako egoerek leku itxi hori txikiago izatera behartzen dute”.
Horrek kalteak, ondorioak eta arriskuak ekar litezkeela ohartarazi dute sarekideek, eta etxekoengan artegago egoteko arrazoiak: “Jendartean ez da ikusten, ez da igartzen, ez da sentitzen, baina euskal presoen eta ingurukoen errealitatearen parte da. Norbera dago konfinatua, eta etxekoa zelako egoeran daukanaren arabera, konfinazio horrek edukiko dituen kalteak ez dira igarriko, baina existituko dira. Horrek ikusten ez diren ondorio batzuk eduki ditzake epe luzera”. Arriskuak, beraz, hor daudela adierazi dute.
Gaur egun, gaixotasun sendaezinak eta larriak dituzten 20 euskal herritar daude preso. Koronabirusarengatik kutsatzeko arriskua dute, leku itxian “sistema zorrotz” baten menpean bizi direlako. “Kanpokook baditugu zailtasunak eta osasun sistemak zailtasunak ditugu erroka honi aurre egiteko. Bada pentsa dezagun espetxeetako osasun sistemak zelako ezintasunak eta zelako baliabide eskasiak edukiko dituen erantzuteko”.
Gaixotasun sendaezina edukitzea gehituz gero, emaitza kezkatzeko modukoa izatea “agerikoa” dela azpimarratu dute: “Zoritxarrez, halako erronka baten aurrean, askatasunik ez daukatenak, aukera gutxiago dituztenak, beti dira kaltetuenak. Elkartasunez, aukera gutxiago dituztenekiko keinu bereziago bat helarazteko arrazoi on bat daukagu; guri dagokigu maitasun deialdi bat egitea edota begirune berezi bat edukitzea. Senide eta lagunak ezinegon egoera handiago batean daude, eta horietaz gogoratzea dagokigu. Besarkada berezi bat helarazten diegu eukal preso eta iheslarien senide eta lagunei”.