Busturialdeko enpresetan trebatzeko aukera izango dute bertoko 10 gaztek
Busturialdeko gazteei bertoko enpresetan trebatzeko aukera eskainiko diete, beste behin ere, eskualdeko hainbat udalek Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera.
Lana bilatzea lana da programaren eta Gaztedi Busturialdea egitasmoaren baitan, Busturialdeko gazteei bertoko enpresetan trebatzeko aukera eskainiko diete, beste behin ere, eskualdeko hainbat udalek Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera.
Lanbideren bitartez, Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek bultzatzen dute egitasmoa. Hala, beste urte batez, hamar formazio beka banatuko dituzte eskualdeko gazteen artean.
Bekadunek benetako lan merkatura gerturatzeko, eta prestakuntza eta lana uztartzeko aukera izango dute gehienez bost hilabetez. Hori horrela, eskualdeko enpresetan lanekoak ez diren praktikak egin ahalko dituzte gazteek. Izan ere, beken helburua da gazteek lan arloan esperientzia lortzea: “Esperientzia hori jasoz gero, lan merkatuan errazago sartzeko aukera izango dute gazteek”. Halaber, bekadunek, tutoretzak ere jasoko dituztela diote, “beraien garapenean eta prestakuntzan laguntzeko”.
Bete beharreko baldintzak. 18 eta 25 urteko gazteek edukiko dute ikasitakoa praktikan jartzeko eta ordaindutako lehen lan esperientzia izateko aukera. Beka jasotzeko, baina, hainbat baldintza bete beharko dituzte aurkezten direnek. Langabetuek baino ezingo dute eskaeria egin, eta, horrez gain, Lanbiden izena emanda eduki beharko dute.
Gainera, euren ikasketa maila egiaztatu beharko dute: Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako edo goi mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsitate titulua (diplomatura, lizentziatura edo gradua), kasuan kasu. Halaber, aurretiaz jarduera berean hiru hilabete baino gehiagoko lan esperientzia ez izatea eskatzen dute.