Emakumeen eskubideen alde mobilizatuko dira herritarrak martxoaren 8an
Euskal Herriko Bilgune Feministakoen deiagaz bat egin dute eskualdekoek .Alternatibak proposatzen, agenda komuna eraikitzen eta gatazkak azaleratzen jarraitzeko deia egin dute.
Pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa erdigunean jarri zituen iaz Emakumeen Nazioarteko Egunak. Aurten, iraganeko emakumeen lanari balioa eman eta etorkizuneko emakumeen eskubideen alde borrokatzen jarraituko dute emakumeek.
Hori horrela, Euskal Herriko Bilgune Feministak dio, mugimendu feministek alternatibak proposatzen, agenda komuna eraikitzen eta gatazkak azaleratzen jarraitu behar dutela; parean duen horma arrakalatzen, hain zuzen. “Bizitza erdigunean jartzeak batzen gaitu eta horrek iraultza erradikala dakar”, diote. Halaber, gero eta oinarri gehiago dituen trantsizio feminista bultzatzeko eredu berri baterantz abiatzea “ezinbestekoa” dela diote: “Bide horretan, gure herrian bizi dugun defizit demokratikoa gainditu behar dugu. Gure gorputzetan eta lurraldean erabakitzeko burujabetza eta feminismoa behar ditugu. Biak. Errotik, dena aldatzeko”.
Martxoaren 8rako, Emakundek Katerik gabe katean leloa aukeratu du. Lelo horregaz, berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko lana “atzetik datorren kate bat” dela erakutsi nahi dute. Hala, iraganean eskubideak lortzen eta berdintasunaren aldeko urratsak egiten aritu diren emakume guztiei omenaldi bat egiteaz gain, belaunaldi berriei dei egin nahi diete kateari jarraipena emateko, “emakumeen ahalduntzea indartzeko”. Emakundek argi du transmisioa “ezinbestekoa” izango dela “gizarteak aurrera egiteko eta berdintasun espazioak irabazten jarraitzeko”.
Azken urteetan, masiboa bezain bizia izan da emakumeen aldarria. Mugimendu feministaren indar metaketa, kohesioa eta transbertsalitatea islatu dituzte Euskal Herriko grebek eta V. jardunaldi feministek. “Olatuaren gandorrean egonda, mugimenduaren erraiak ireki ditugu”, esan dute bilgune feministakoek.
Kanpoko botere egiturak aldatzea dute helburu, “barnekoa irauli bitartean”. Hala, konpromiso zehatzak eta integralak hartzeko eskatuko diete agintariei: “Hitz hutsalak baino ez dira konpromiso zehatz eta integralak hartzen, eta horiek diruz hornitzen eta ebaluatzeko irizpideak ezartzen ez diren bitartean”.
Eskualdeko aldarriak. Eskualdeko emakumeek ere bat egin dute bilgune feministakoen deiagaz, eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko andrak kalera aterako dira, euren eskubideen alde borrokatzera.
Busturialdeko herritarrak Bermeon eta Gernika-Lumon batuko dira manifestazioetan; 12:00etan aterako dira Goiko plazatik Bermeora hurbiltzen direnak, eta 13:00etan Merkuriotik Gernika-Lumora doazenak.
Hurrengo egunetan, emakumeak oinarri dituzten hainbat ekintza egingo dituzte eskualdeotan; besteren artean, zine forumak, mahai inguruak eta liburu aurkezpenak egingo dituzte. Ean liburu eta film laburrak aurkeztuko dituzte, eta Foruan emakume kirolariekin mahai ingurua egingo dute.
Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekintzak, baina, lehenago hasi dira Busturialdean. Eguaztenean, Erroxape Bermeoko Emakumeen Elkarteak kontserberetan lan egiten dituzten emakumeen lana goraipatzeko omenaldia egin zuen. Rafi Diaz Rochasek eta Aintzane Larrabaster Mendigurenek hitz egin zuten denen izenean eta lehengo eta oraingo lan egiteko moduak alderatu zituzten, besteak beste.