Berdintasunerako bigarren plana lantzen ari da Busturiko Udala
18 urtetik gorakoek betetzeko galdetegi bat prestatu dute; hiru galdera, «minutu batean betetzekoa».
Busturiko Udala herriko emakume eta gizonen berdintasunerako bigarren plana lantzen hasi da. Aipatu plana Murgibe aholkularitzaren laguntzagaz egingo dute.
Berdintasun Plana diseinatzerako orduan, modu koordinatu batean lan egingo dutela azaldu du Busturiko Udaleko zinegotzi Naiara Ruiz Badiolak, “udal langile, politikari eta herriko eragileekin batera”. Horretarako, topaketak, elkarrizketak eta galdetegiak egingo direla esan du Badiolak. Halaber, herriko datuak eta estatistikak berrikusiko dituztela dio, “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan izan diren aurrerapenen eta hobetu beharreko gaien berri edukitzeko”.
Lehen pauso modura, galdetegi bat prestatu dute; Udalaren webgunean (www.busturia.org), udaletxean edota kultur etxean aurki daiteke. Paperean bete daiteke edo online egiteko aukera ere badago. Galdetegia betetzea “oso erraza” dela dio Ruizek, hiru galdera baino ez dira, “minutu batean betetzekoa”. 18 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete, eta galdetegia betetzeko azken eguna martxoaren 10a izango dela jakinarazi du. Ahalik-eta herritar gehienen parte hartzea espero dute, “horien iritziak eta proposamenak jakitzea garrantzitsua baita”. Horregatik, kuadriletan, elkarte kulturaletan edota herriko eskolan zabaldu dute galdetegia.
2015ean udal gobernura iritsi zirenean, berdintasunerako plan bat bazegoela dio Ruizek. Hori hartu eta berdintasun teknikari batekin berrikusi zutela gogorarazi du: “Konturatu ginen asko zirela egiteke zeuden gauzak, batez ere, udal langileen eta politikarien formakuntzagaz lotutakoak. Orduan, planaren moldaketa bat egin genuen, eta lau urterako luzatu genuen”.
Aurreko planean formakuntzari eman zioten garrantzia, eta herritarrentzako hitzaldiak ere antolatu zituzten: Emakume kirolariek, idazleek…euren bizipenak kontatu zituzten Busturian.
“Uste dugu, orain, ahaztuta dauden herriko emakumeen beharrizanak zeintzuk diren aztertzea ezinbestekoa dela. Kalean gauden emakumeak beti gara berdinak, baina badaude ezkutuan dauden emakume eta gizon asko ere, eta ez dakigu zeintzuk diren horien beharrak. Bigarren planean horiek eduki gura ditugu kontuan, hala ere, diagnostikoak dioenaren zain gaude”. Bestalde, formakuntzagaz jarraitu gura dute, gazteei zuzenduta, esaterako: “Ez dakigu gazteek sexualitateari buruz daukaten ezagutza maila”.
Ruizek jakinarazi duenez, Emakumearen Kontseilua ere sortu dute Busturian. Orain dela hiru aste egin zuten lehenengo batzarra. Kontseiluan diagnostikoaren emaitzak landuko dituzte eta jarraipena egingo dute. Era berean, beharrezkoak diren ekitaldi guztiak antolatuko dituztela esan du.
Martxoaren 11n eskualdeko talde feministekin batuko dira kafe tertulia batean. Modu horretan, busturiarrek gainontzeko herrietako talde feministek egiten duten lanaren berri eduki ahalko dute. “Gainera, konturatu gara askok ez dakitela zer den feminista izatea, zer den borroka feminista edota berdintasun terminoak esan gura duena ere ez”.