Bizkaiko Batzar Nagusietan egondako 116 emakume omendu dituzte gaur
Bizkaiko Emakume Hautetsien IV. Batzarra egin dute Batzarretzean, eta Emakumeen Nazioarteko Egunerako EUDELek eta Emakundek prestatutako 'Emakumeen botereak mundua aldatzen du' adierazpen instituzionala irakurri dute.
Bizkaiko Emakume Hautetsien IV. Batzarrak alderdi politiko eta sentsibilidade guztietako 200 emakume baino gehiago batu ditu gaur, Gernika-Lumoko Batzarretxean. Gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunean aurrera egitea aldarrikatu dute.
Demokraziaren 11 agintaldietan Bizkaiko Batzarretik igarotako 116 emakume omendu dituzte aurten; euren izen-abizenak gogoratu dituzte ikus-entzunezko batean. Horretarako, besteak beste, Ohorezko aurreskua eta Beti Jai Alaia taldeko emakume dantzariek Lekeitioko Emakumeen Aurreskua dantzatu dituzte eta Miren de Miguel Bilboko sopranoak Iparragirreren, XIX. mendeko bardoaren, Gernikako Arbola ereserkia kantatu du.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak gogora ekarri du aintzatespen hori, Bizkaiko batzarretan gizon baino emakume gehiago diren unean heldu dela (26 emakume eta 25 gizonezko daude). “Batzar honetatik igarota, emakumeek geure lidergoaren alde dagoen iritzi publikoa sortzea bultzatu dugu. Horrela, emakumeen gaitasun politikoaren inguruan zeuden mitoak lurrera bota eta lidergoko postuetan egotea ohikoa izatea ere lortu dugu. Horrek ez du esan gura gizonak baino gehiago izan behar garenik, baldintza berberakaz lan egin behar dugula baino, elkarren ondoan, ezelango desberdintasun barik”, nabarmendu du. Otaduik azaldu duenez, “gure historiaren, gure askatasunaren eta gura dugun bakearen” ikurra den haretx orria daukan orratz bana eman diete gaurko omendutakoei.
Ekitaldian EUDELek eta Emakundek elkarrekin prestatutako Emakumeen Nazioarteko Eguneko Emakumeen botereak mundua aldatzen du Erakundeen Arteko Adierazpena irakurri dute. Udal guztiekin adostutako adierazpenean zehazten da berdintasuna ez dela soilik oinarrizko giza eskubidea, baita mundu baketsua, oparoa eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria ere. Eta konpromiso irmoa adierazten da “berdintasunezko gizarte inklusiboa” eraikitzen laguntzeko, persona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan. Horrez gain, martxoaren 8rako antolatuta dauden mobilizazioetan modu aktiboan parte hartzeko dei egin diete herritarrei.
Alderdi politiko nagusien ordezkari gorenen artean, batzar berezian hauek hartu dute parte: Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak (EAJ/PNV); Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak; Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merktaritza eta Kontsumo Sailburuak eta PSE-EEko zuzendaritzako kideak; Veronica Garcia Elkarrekin Podemoseko kideak eta Amaya Fernandez Euskadiko PPko jarduneko presidente eta alderdi horrek Bizkaiko Batzar Nagusietan duen bozeramaileak. Elena Unzueta, Teresa Laespada, Lorea Bilbao eta Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak, legebiltzarkideak, kongresuko kideak zein batzarkideak ere egon dira, baita Bizkaiko udal gobernuetako ordezkaritza zabala ere, horien artean alkate hauek: Miren Karmele Enbeita (Kortezubi), Mari Tere Artetxe (Morga), Begoña Enbeita (Muxika), Jone Antsotegi (Aulesti), Garbiñe Saenz de Buruaga (Ispaster), Amaia del Campo (Barakaldo), Amaia Aguirre (Getxo), Aintzane Urkijo (Santurtzi), Aitziber Oliban (Erandio), Esther Apraiz (Derio), Angela Eguía (Gordexola), Saioa Elejabarrieta (Lemoa), Maite Etxebarria (Abanto-Zierbena), Irantzu Ibarrondo (Sopuerta), Ainara Otxotorena (Mañaria) eta Elixabete Uribarri (Plentzia).