Makurtu barik, parekidetasuna bultzatuz
Bigarren urtez jarraian, berdintasunean hezitzea eta parekidetasunean eta berdintasunean oinarritutako ikaskuntza eskaintzearen alde egin dute Gernika-Lumoko ikastetxeetako ikasleek.
Sasien gainean dantza egin, oihu eta irrintziekin plaza bete, eta lainoen azpian “aske bizi” gura dutela ozen esan dute ikasleek.
Bigarren urtez jarraian, berdintasunean hezitzea eta parekidetasunean eta berdintasunean oinarritutako ikaskuntza eskaintzearen alde “ozen aldarrikatu” dute Gernika-Lumoko ikastetxeetako ikasleek. Zapi moreak jantzita zituztela gerturatu dira Merkatu plazara, eta neska eta mutilen berdintasunaren alde egin dute.
Indarrak batu dituzte Allende Salazar, Barrutialde, Mertzede, San Fidel eta Seber Altubeko ikasleek. Bata bestearen ondoan jarrita, eskuak hartu eta helburu berdinen alde dantzatu eta bertsoak bota dituzte; berdintasun eta parekidetasunaren alde duten konpromisoa erakutsiz.
Bizitza maite dutela erakutsi dute dantzen bitartez, eta ez direla inoren aurrean makurtuko esan dute. Ez dira amore ematen dutenetakoak, eta Gatiburen abestia lagun zutela, errespetua eskatu dute: Nahi dodan moduan hegaz egiteko, edo lore bi belarrixetan ipintzeko; neure margoak neuk aukeratuz, kolorez zikindu horma zuriak! Ez dekot lotsatu beharrik, ez! Hauxe naz ni!
Aldarriz betetako bertsoak. Dantzek bertsoei egin diete lekua, eta kantuz, denetariko protestak plazaratu dituzte ikasteek. Seber Altubekoek emakumeak zein gizonak berdinak direla adierazi dute, eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan kalera aterako direla esan: “Manifestazioan altxatu kartelak. Seberrekoek diogu honela: emakume zein gizon, berdinak garela”.
Allendekoek, berriz, berdintasunerako bidean errespetua beharrezkoa dela nabarmendu dute: “Martxoaren 8an denok berdinak garela ozen esatera aterako gara kalera. Beharrezkoak dira lana eta ekintza, eta emakumeen aldeko lanean gabiltza. Errespetua dugu konponbiderako giltza”.
Mertzede ikastetxeekoek ere berdin pentsatzen dute eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko mezua zabaldu zuten. Mertzedeko ikasleek ere berdin pentsatzen dute, eta neska eta mutilentzako eskubide berak eskatu dituzte. Institutukoek, euren aldetik, matxismoak ezpatak “zorroztuta” dituela uste dute, eta matxismoak eragindako minak azaleratu dituzte.
Emakumeek pairatzen dituzten bidegabekeriekin bukatu gura dutela esan dute San Fidelekoek, eta horretarako legeak aldatu behar direla adierazi dute bertsoz bertso: “Egoera aldatu gura dugu, eta ez dugu modurik. Baina ez dugu erabiliko indarkeriarik. Emakumeek behar dute, justizia benetan, eta gure eskubideak bihurtu behar ditugu legeetan”.
Barrutialdekoek, euren aldetik, historiako ikasgaian askotan baztertuak izan diren emakume ekintzaileen lorpenak plazaratu dituzte. Besteren artean, Marie Curie, Maialen Lujanbio, Rosa Parks eta Damaris Egurrola aitatu dituzte bertsoetan: “Zientzialaria zen neska, Marie Curie deitzen dena, lehenengo emakumea bi nobel sari dituena. Maialen Lujanbio da bertsolaritzan onena, irabazi zuelako txapelketarik gatzena. Rosa Park ausarta eta trebea, zalantzan jarri zuena razismoaren boterea. Damaris Egurrola da oso ona kirolean, berak jokatzen du athleticeko taldean“.
Oinarrizko Lanbide Heziketakoek, berriz, egun guztiak direla emakumeen egunak aitatu dute: “Laguntasuna eta errespetua dira gure doinuak. Denen artean lortuko dugu, horrela izatea. 2020.urtean hori da gure helburua”.
Bertsoei musikak hartu dio lekukoa, eta jai giroak bete du Merkatu plaza.