"Niretzat pilota sentimendua da, eta hori bultzatzeko lanean jarraituko dut"
Jesus Manuel Madariaga Arkupe Pilota Taldeko ohorezko presidenteak omenaldia jaso zuen atzo Santanapen. 40 urtez taldean egindako lana saritu zioten.
Urrian 40 urte bete ziren Arkupe Pilota Taldea sortu zutenetik, eta urte luze horietan Jesus Manuel Madariagak egindako egindako lanak saria jaso zuen atzo. Gaur egun ohorezko presidentea dena omendu zuten Santanape frotoian, Eskuz Binakako partidua jokatzen hasi aurretik.
Gaur egungo pilotari gazte eta nagusien txalo zaparradagaz hartu zuen Madariagak, eta pilota munduko aurpegi ezagunen sariak jaso zituen gero. Jon Enbeitak bertsoa bota zion, eta udalerrian pilota suspertzeagatik egindako lana eskertu. Emozioz beteriko uneak bizi izan zituen Madariagak, eta gerturatzeagatik eskertu zituen.
Arkupe Pilota Taldekoek omendu zaituzte oraingoan. Frontoia jendez beteta egon da, eta gaurko zein lehengo pilotarien sariak jaso dituzu. Zer sentitu duzu zure ibilbidea omentzeko ekitaldian?
Ilusio handia egin dit. 40 urtetan Arkupe Pilota Taldean aritu naiz lanean, eta bidea ez da erraza izan. Momentu on eta txarrak izan ditugu, baina ikusten da egindako lana baloratzen dela, eta horregaz gelditzen naiz. Pilotaren alde hainbat gauza egin ditugu, eta hori saritu dute.
Norekin gogoratu zara omenaldian?
Oso urduri egon naiz, baina asko gogoratu naiz, esaterako, Florencio Arrienetaz. Arkupe taldeko presidentea izan zen urte askotan. Arkupe sortu genuenean egon ziren horietaz akordatu naiz, batzuk ez daude gure artean eta eurentzako saria ere bada. Sorreran egon ziren haiei esker dago pilota gure udalerrian.
Pilotaria, idazkaria, presidentea… Denetik egin duzu klubean. Hainbeste lan egin eta gero pozgarria da hori baloratzea.
Nik beti esan dut sentimendua dela bizimoduaren sustraia. Sentimendu barik ez du ezerk balio, eta niretzako pilota sentimendua da. Horregatik, garrantzitsua eta pozgarria izan da omenaldi hau jasotzea. Baina ni sortzaile bat besterik ez naiz, Arkupe Pilota Taldearentzako laguntzaile bat. Kluba osatzen dugun guztietako bat naiz, eta omenaldia denentzako da, ez niretzako bakarrik.
Orain ohorezko presidentea zara. Baina lanean jarraitzen duzu.
Lan egiten jarraituko dut. Niretzako pilota sentimendua da, asko gustatzen zait eta hori bultzatzeko lanean jarraituko dut. Betiko moduan jarraituko dut.
“Kluba osatzen dugun guztietako bat naiz, eta omenaldia denentzako da, ez niretzako bakarrik”
Duela 40 urte sortu zen Arkupe. Zer eman dio taldeak udalerriari?
Arkupe 1979an sortu zen, Gernika-Lumon frontoirik ere ez zegoenean. Klubaren sorreratik urte batzuetara eraiki zuten Santanape. Beraz, klubaren sorreran ez zegoela pilotarekiko joerarik esan daiteke. Hala, Gernikaldean hilda zegoen pilota bultzatu du taldeak, hori sustatzeko lan egin dugu.
Eta zelakoa da gaur egungo egoera Gernika-Lumon?
Momentu honetan pilotaren egoera ez da oso ona, urte hobeagoak egon dira-eta. Baina orain, denon artean lan egin behar dugu aurrera egiten jarraitzeko.
Eta hori bultzatzeko Eskuz Binakakoa bezalako jaialdiak herrian antolatzea ondo legoke?
Argi daukadan gauza horietako bat da hori. Gernikan dagoen afizioagaz eta giroagaz urtean pare bat jaialdi on izan behar ditugula uste dut. Berriro egin beharko dira Lau t’erdikoa edo Eskuz Binakakoa. Asko ere larregi da, baina pare bat egitea ondo egongo litzateke. Horrek pilota sustatuko luke, eta gazteak animatu. Gure kluba indartzeko ere baliogarriak direla uste dut.
Atzoko jaialdian frontoia bete zen.
Oso garrantzitsua da hori. Horrek esan gura du jendeari pilota asko gustatzen zaiola, eta horrelakoak gehiago bultzatu behar ditugula. Partidu ona izan zen, pilotari onak etorri zirelako, eta horrek asko esan gura du. Baina, partidu bat izateaz gain, jaialdi handia ere izan zela esango nuke.