Artolak eta Arangurenek irabazi dute Gernika-Lumoko puntua
Frontoia bete zuen atzo Santanapen jokatu zen EPEL Eskuz Binakako Txapelketako hamahirugarren jardunaldiak. Artola eta Aranguren bikain aritu ziren, eta 8-22 irabazi zieten Altuna eta Galarzari.
Partida berdindua espero zen atzo Santanape kiroldegian, baina hamalau puntuko aldeagaz irabazi zieten Iñaki Artolak eta Aitor Arangurenek Jokin Altuna eta Ladis Galarzari. Hala, Artola eta Arangurenek bigarren postura gerturatzeko puntu garrantzitsua eskuratu zuten. Bikain ibili zen Artola, eta Aragurenek atzean ondo eutsi zion jokoari. Altunak eta Galarzak, berriz, ez zuten asmatu, eta 8-22 galdu zuten.
Artolaren sakeagaz hasi zen Eskuz Binakako Txapelketaren hamahirugarren jardunaldia Gernika-Lumon, eta sakez egin zuen lehenengo puntua. Ondo hasi zuen aurrelari gipuzkoarrak lehia, eta hala jarraitu zuen, hurrengo puntuak ere berak eskuratu zituen eta. 0-6koa jarri zuten markagailuan Artolak eta Arangurenek, baina zenbait huts egiteren ondorioz, 3-7ra gerturatu ziren Altuna eta Galarza.
Markagailuari buelta ematen saiatu zen Altuna-Galarza bikotea, baia ez zuten asmatu. Euren aurkariak, baina bikain erantzun ziren, eta Artolak eskuinagaz hainbat puntu eskuratu zituen. Rematean ere asmatu zuen aurrelariak, eta atzean, Arangurenek, ederto lagundu zion. Ziur egon zen atzean, eta pilota gaitzak atera zituen jokari eutsiz; partidu bikaina osatu zuen Ander Imazen ordezkoak. Hori horrela, lehenengo atsedenaldian 3-12ko markagailua zegoen Santanapen.
Partiduak bere horretan jarraitu zuen, eta Altuna markagailuan gerturatzen saiatu bazen ere, ez zuen lortu. Hala ere, zenbait erremate on egin zituen zaleen gozamenerako. Eta hasi zen bezala bukatu zen lehia. Izan ere, azken tantoak Artolarenak izan ziren, errematez azken aurrekoa eta sakez azkena.
Sentzazioak berreskuratu. Txapelketan galduak zituen sentsazio onak berreskuratu dituela esan zuten atzo Artolak norgehiagoka bukatzean: “Lehengo astean oso sentsazio txarrak izan nituen, eta gaur, txapelketa hasierako sentsazioak berreskuratu ditut. Ondo ateratzen zitzaidan pilota eskutik. Azken partiduetan estu ibili naiz, baina gaur ondo erantzun dit eskuak. Guztiz errekuperatuta nago”.
Ondo hasi du partidua, eta norgehiagoka hasieran 6 puntuko aldea lortzeak asko lagundu dietela onartu du: “Askotan komentatzen dugu, eta egia da askotan hasierak partidua marka dezakeela. Oker hasten bazara zaila da buruz horri buelta ematea, eta alderantziz. Ondo hasten bazara, partiduari beste konfiantza batekin egiten diozu aurre”.
Atzean Aitor Aranguren izan zuen lagun, Ander Imaz lesionatuta baitago, eta Arangurenen lana nabarmendu zuen aurrelariak atzo: “Aitor ikusi dut batik bat oso ondo. Ez zirudien pilotaren bat galduko zuenik, eta horrek konfiantza handia eman dit, eta oso pozik nago egindako partiduagatik”.
Aranguren ere “pozik” dago egindako partiduagatik. Artolak “kristoren” partidua egin zuela uste du, eta berak “ondo” lagundu diola dio. Partidua irabaztearen gakoa, berriz, aurkariek egindako hutsegiteetan egon dela uste du: “Ladisek atzean gehiago eman dio, baina gehiago galdu du. Hor egon da gakoa. Beraiek asko galdu eta guk opari gutxi egin ditugu”.
Altuna, bere aldetik, triste geratu zen, eta atzo egindako partidua euren txapelketako “txarrena” izan zela dio: “Guk emandako irudia gure mailatik oso urrun egon da. Ohituta nago irabazi edo galtzera, baina frontoi bat horrenbeste betetzen denean nire mailarik onena ematea gustatzen zait, jendeak gozatzeko. Hiruzpalau tanto kenduta partidua ezta ona izan. Txapelketan jokatutako nire partidarik txarrena izan da”. Deseroso sentitu zela aitortu du: “Pilota ez zitzaidan ondo ateratzen, deseroso egon naiz eta ez naiz kantxan sartu. Baina ez dago aitzakiarik, partiduak horrelakoak dira”.
Aurkarien lana ere nabarmendu du Altunak, eta “bikain” aritu direla dio: “Asko jokatu dute. Iñakik erritmo bizia jarri dio partidari, eta Aitorrek oso ziur erantzun du. Bikote sendoa izan dira”.
Sailkapena. Hiru eta laugarren postuetan zeuden bi bikoteak, bigarren postua eskuratzeko borrokatzen. Artola-Imaz bikotea gertuago dago orain. “Puntu hau lortuta esan genezake azken jardunaldiaren faltan semifinaletara zuzenean pasatzeko aukerekin iritsi garela. Oso zaila dago, baina ikusi egin beharko dugu Ezkurdiak eta Martijak zer egiten duten”, adierazi zuen Artolak. Hala, azken jardunaldira aukerekin iritsiz gero, karnabaletarako asteartean Tolosan duten azken partiduan dena emango dutela adierazi duen: “Zuzenean pasatzeko helburuagaz aterako gara”.
Altunak eta Galarzak, berriz, finalaurrekoetara sailkatzeko borrokan jarraitu beharko dute: “Astean zehar sentsazio onak berreskuratu behar ditugu eta ea karnabaletan sentsazio hobeekin kantxaratzen garen. Bigarren izateko aukerak joan dira”.
Promoziokoa aurretik. EPELen binakako txapelketako partidagaz gainera, Salaberria-Garmendia eta Peña-Erasun bikoteen arteko norgehiagoka jokatu da lehendabizi. Peña eta Erasunek ondo jokatu dute, eta Salaberria eta Garmendiak hutsegite asko izan dituzte. Hala, 22-9 nagusitu dira Peña eta Erasun.