Marijesien proiektuak izandako erantzunagaz, "pozik"
'Marijesiak 4:00. Bederatzi gau hotzetan' proiektuak izandako harrera eta edukitako babesa "pozik" egotekoak direla aitortu dute Gernikako Marijesiek.
Marijesiak 4:00. Bederatzi gau hotzetan proiektuak izandako harrera eta edukitako babesa “pozik” egotekoak direla aitortu dute Gernikako Marijesiek. Guztira hiru emanaldi egin dituzte udalerrian, eta hiruretan bete dituzte aretoak; Foruan ere proiektatu zuten dokumentala abenduan. Proiektua eskualdean zabaltzeaz aparte, Durangaldean eta Baionan ere erakutsi dute, eta Argentinara ere iritsi da. Hala, toki guztietan herritarrek marijesiekiko erakutsi duten “estimazioa” eskertu dute.
Urtarrilaren 3an proiektatu zuten azkenengoz dokumentala udalerrian, eta beraientzat “pozgarria” izan zen hasieratik aurreikusita ez zegoen hirugarren emanaldi hori herrian eskaini ahal izatea: “Pozgarria izan da aparteko hirugarren txanda eskaini ahal izatea; horrek gernikarren interesa eta Marijesiekiko estimazioa erakusten du”. Izan ere, gernikarrentzat aparteko esanahia duen proiektua dela diote: “Tradizioa baino gehiago da, pribilegioa”.
Udalerrian eskainitako lehen saioa ere berezia izan zela diote, eta saio guztietan bizilagunek edukitako ikusmira eskertu dute: “Aretoa bete-bete egin zuten, eta ikusten egon zirenen esanetan, dokumental ederra, emozionantea, hunkigarria, gozoa, osoa eta tradizionala izanz en. Gernikarrontzako apartekoa. Txalo ederrak entzun genituen eta jenteak pozik zegoen”.
Eskualdetik harago. Foruan eta Durangaldean ere eman dute proiektuaren berri, baina, eskualdetik kanpo ere ibili dira. Baionako Euskal Museoan aurkeztu zuten proiektua abenduan, eta ekitaldiak arrakasta “itzela” izan zuela diote: “50 pertsona inguru hurbildu ziren. Galderen txanda ere interesgarria izan zen, eta frantsesez zein euskaraz aritu ginen”. Baionan, Angeluko Adixkideak korukoen laguntza eduki zuten.
Tandilera (Buenos Aires, Argentina) ere heldu da proiektua. Izan ere, abenduaren 29an, June Bidaguren eta Nicolas Andracak aurkeztu zuten bertan. 50 lagun inguru batu ziren ekitaldian eta dokumentalak erakutsi gura zuen alde emozionala nabarmendu zuten bertaratutakoek. “Ozeanoaren beste aldean ditugun loturak familien eta lagunen bidezkoak dira”, adierazi dute Gernikako Marijesiek.
Sare sozialak. Interneten ere zabaldu dute mezua. Sare sozialak orain dela hainbat urtetik dituzte martxan Gernikako Marijesiek, eta Bederatziurrena hurbiltzerakoan izaten dute jario handiena. Aurten, baina, proiektuagaz jende gehiagorengana iritsi dira. Azken bi hilabeteetan, esaterako, 37.000 pertsonengana heldu direla diote. “Dokumentalaren trailerra 24.300 pertsonek ikusi zuten. Eduki batzuk beste batzuek baino eragin gehiago izan dute, batez ere bideoek. Izan ere, antzinako erretratu bat ikustea baino errazagoa da bideo bat ikustea”.
Interes handia nabaritu dute Interneten, batez ere gernikarrena, baina, kanpoko jendeak ere Gernikako Marijesien edukiak bistaratu dituzte: “Eskualdeko jende askok ikusi dituzte guk igotako edukiak, baina harago ere iritsi gara. Argentina edota Alemaniatik ere jaso ditugu mezuak”, adierazi dute.
Pozik dagoz jendearen erantzunagaz. Ez dakite noiztik kantatzen dituzten koplak, baina barru-barruan dituzte. Marijesien ohitura zaharraren magia herritarrekin elkarbanatu gura izan dute, zeruan josi eta belaunaldi berriei herriko altxorra erakusteko. Proiektu handia egin dute, eta jendearen inplikazioa beharrezkoa izan da. Hala, parte hartzaileei, erakundeei eta laguntzaileei euren esker ona adierazi diete, “gernikarrena den tradizioa zabaltzen laguntzeagatik”. Orain, data berriak zehaztu bitartean, webgunea izango dela marijesien elkargunea esan dute.