2.593 euro batu dituzte Marijesiek, euren proiektua eta Aita Mari ontzia laguntzeko
Gernika-Lumon errotuta dagoen tradizioa batzea, gordetzea eta transmititzea bilatzen duen euren proiektuarentzako, eta Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari ontziari laguntzeko batu dute dirua Gernikako Marijesiek.
Aita Mari Ontziak eta Gernikako Marijesien Marijesiak 4:00. Bederatzi gau hotzetan proiektuak hartuko dute 2019an Gernika-Lumoko Marijesiek batutako dirua: 2.593,01 euro, hain zuzen ere.
Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia da Aita Mari, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde horri ekarpena egin gura izan diote Marijesiek. Gaur gaurkoz, lehorrean dago, ontziaren berrikuspen-lanak egiten ari baitira. Hala ere, urtarrilaren bukaeran berriro itsasoratzeko asmoa du ontziak, “migratzaileei laguntza humanitarioa ematen segitzeko”.
Marijesien proiektuak berriz, udalerrian errotuta dagoen tradizioa batzea, gordetzea eta transmititzea bilatu du, eta bost euskarritan banatu dute: dokumentala, audio diskoa, kopladun liburuxka, zabalkunde liburua eta webgunea. Proiektua burutzearen ideia Marijesien taldeari otu zitzaion orain dela urte batzuk, eta hasieratik aparteko erronka izan dela onartu dute; izan ere, “orain urte askotako” ideia dela diote, azkenean 2018 eta 2019 urteetan gauzatu dena.
Gaueko errondak. Bederatziurrena egiten dute Marijesiek, Gabonak aurretik, eta gaueko errondak ez ezik, egunez ere kantuan ibiltzen dira abenduaren 24an. Goiz eta eguerdi partean, udalerriko kaleetatik barreiatzen dituzte koplak. Abesteaz gain, zakuagaz dirua biltzen ibiltzen dira. Hortik jasotzen dute herritarren ekarpena, eta azken urteetan bi proiektu lagundu dituzte bildutakoagaz.
Dohaintza ekonomikoa egitea posible egin duten herritar guztiak eskertu gura izan dituzte Gernika-Lumoko Marijesiek, baita ere gaueko errondetan egon direnak.