Errigoitiko Plan Orokorrerako helburuak zehazteko batzarra egingo dute bihar
Herriko diagnostiko sozio urbanistikoaren ondorioak zeintzuk izan ziren aztertuko dituzte, baita ere zein den gaur egungo Errigoitiko egoera.
Errigoitiko Plan Orokorraren diagnostiko sozio urbanistikoa osatu berri dutela jakinarazi dute Errigoitiko Udal ordezkariek: Orain, planaren helburu orokorrak zehazteko unea dela deritze, eta batzar irekia antolatu dute biharko; 18:30ean Elizaldeko Ikuilu elkartean jarri dute hitzordua.
“Herritarren laguntzarekin eginiko parte hartze saioen bitartez, informazio ugari jaso dugu eta dagoeneko badaukagu Plan Orokorra zehazten hasteko abiapuntu egoki bat”, adierazi dute udal arduradunek. Hori horrela, jasotako ekarpenak landu, ondorioztatu eta kontrastatzeko unea dela uste dute, Plan Orokorrak izan beharreko helburu orokorrak zehazteko. Horretarako herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela diote, eta biharko saioan parte hartzeko gonbita egin diete errigoitiarrei.
Aztergaiak. Talde dinamikaren bidez zehaztuko dituzte Errigoitiko helburu orokorrak. Horretarako, diagnostiko sozio urbanistikoaren ondorioak zeintzuk izan ziren aztertuko dituzte, baita zein den gaur egungo Errigoitiko egoera ere.