Ligako bosgarren garaipena eskuratu du Lointek Gernika Bizkaiak
Erasoan bikain jokatu eta 26 puntuko aldeagaz menderatu du Lointekek Quesos el Pastor taldea. Bikain jokatu dute, eta 82-56ko markagailuagaz amaitu da partidua. Zazpigarren jardunaldian bosgarren garaipena lortu du talde gernikarrak.
Geldiezin. Bikain. Horrela hasi du gaurko norgehiagoka talde gernikarrak Malosten. Quesos el Pastor taldearen aurka 11-0ko hasierako partzialagaz ihes egin eta 26 puntuko aldeagaz irabazi du Lointek Gernika Bizkaiak ligako zazpigarren jardunaldia. 82-56ko emaitzagaz amaitu da partidua.
Erasoko jokoan erakustaldia eman dute talde gernikarreko jokalariek. Wojtaren biko jaurtiketagaz hasi da partidua, eta bikain aritu da pibot lanetan Milic. Ocetek ez du hutsik egin, eta Milicegaz batera, hainbat saskiratze eskuratu ditu. Mario Lopezen jokalariek bat batekoetan zein kontraerasoetan izan dituzte aukerak, eta puntuak eskuratuz bukatu dituzte aukera guztiak. Hala, hamaika puntuko aldea lortu dute hiru minututan.
Dietrick eta Roundtree ere bikain aritu dira lehenengo laurdenean, baina Zamorako jokalariek ez dute etsi. Corneliusek zuzendu du Quesos el Pastor taldea, eta Urbaniak-Dornstauderrek murriztu du markagailuko tartea. Hala, lehenengo hamar minutuak bukatzerakoan, 22-13koa jarri dute markagailuan.
Bigarren laurdenean ezarritako aldea mantendu behar zuten etxekoek. Hori horrela, eraso luzeak jokatu eta baloiaren jabeza luzatu dute. Hirukoak saskiratu ditu Ocetek, bai eta Roundtreek eta Lok. Roundtree izan da jokalaririk eraginkorrena lehen zatian, guztira 11 puntu eskuratu baititu. Errebotean ere bikain aritu dira etxekoak, 23 lortu dituzte, eta bederatzi, berriz, bisitariek.
Hirugarren laurdenean, erabaki. 42-24koagaz hasi da bigarren zatia, eta laurden hasierako 13-2ko partzialagaz erabaki dute partidua. Abiadura, trebetasuna eta eraginkortasuna erakutsi dute Lointekekoek hirugarren laurdenean. Wojtak, Milicek eta Roundtreek lan bikaina egin dute hirukoen lerrotik. Ocetek ere bere gaitasunak erakutsi ditu, eta 10 minututan bost hiruko saskiratu dituzte (66-34). Quesos el Pastorreko jokalariak saiatu diren arren, ezin izan dute ezer egin (70-37).
Azken laurdenean minutuak banatu ditu Mario Lopezek, eta norgehiagoka hasierako abiadura bizia moteldu dute jokalariek. Partidu osoko nagusitasuna, hala ere, bukaerako markagailuan islatu da. Eguazteneko Eurocupeko norgehiagokan pentsatzen daude, dagoenerako, jokalariak.
Entrenatzaile gernikarraren berbetan, garaipenaren giltzarria partidu hasiera izan da. “Hasiera bikaina izan da; jokaldi azkarrekin eta kontraerasoan ondo jokatuta. Berehala 10-0eko partziala lortu dugu. Horrek lasaitasuna eman digu, eta gainera, atzean intentsitatea areagotu dugu”. Atsedenaldira arte, “oso lan ona” egin dutela nabarmendu du.
Bigarren zatian ere intentsitatea mantendu dutela zehaztu du, baina, garaipena bermatuta aste honetan dituzte bi hitzorduei begira jarri direla esan du. Izan ere, eguaztenean (azaroak 6) Malosteko Eurokopako partidurik zailenari aurre egin beharko diete. Perfumerias Avenida F multzoko liderrak bisitatuko du Lointek Gernika Bizkaiaren kantxa; 20:00etan hasiko da neurketa. Urriaren 17an Salamancako taldearen kontra jokatu zuen aurtengo Eurokopako lehen partidua, eta 62-59 galdu zuen talde gernikarrak. “Avenidaren kontra lehiatzeko gai gara. Han ondo jokatu eta lehiatu ginen, badakigu ze indartsua den, baina orain etxean arituko gara. Maloste gau onenen pare egotea espero dugu. Ez dakigu zer gertatuko den, baina taldeak orain konfiantza asko dauka. Gure aukeretan sinesten dugu, eta aurre egiten saiatuko gara”, adierazi du Lopezek.
Bestalde, Dia Ligan ere aurkari gogorrenetarikoaren kontra lehiatuko da. Domekan (azaroak 10), Spar Citylift Gironaren kontra jokatuko du, 18:00etan hasita. Gaur gaurkoz, Gironako taldea da ligako liderra, 14 puntugaz, eta puntu bakarrera dauka Avenida. Jarraian, lau talde daude 12 puntugaz: Valencia BC, Lointek Gernika Bizkaia, Cadi La Seu eta Clarinos Tenerife.