Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan du Eurokopako lehen partidua irabazi
62-59 galdu zuen atzo talde gernikarrak Perfumerias Avenidaren kontra, Salamancan. Bihar, bestalde, ligako partidua jokatuko dute Mario Lopezek gidatutako jokalariek Malosten.
Eurokopako lehen hitzordua 62-59 galdu du Lointek Gernika Bizkaiak CB Perfumerias Avenidaren aurka. Salamancan jokatu zuten atzo 20:00etan F multzoko neurketa, eta Mario Lopez entrenatzaileak jokalariek egindako lana goraipatu zuen partidua bukatu berritan: “Irabazterik izan ez badugu ere, partidu ona jokatu dugula uste dut. Oso hurbil izan dugu garaipena, eta harro nago jokalariek egin duten lanarekin”.
Bihar, berriz, 19:30ean Cadi La Seuren aurka dute hitzordua Malosten, eta etxeko lehen garaipena eskuratzera aterako dira.
Indartsu atera zen talde gernikarra kantxara, eta lehen minutuetatik erakutsi zuen Avernida estu hartzeko asmoa. Nogaye Lok eta Gaby Ocetek egin zituzten lehen saskiratzeak. Talde gernikarraren defentsa lanak txapelketa irabazteko hautagai nagusia den Avenida kontrolpean mantentzea lortu zuen. Presio eraginkorra egin zuten: “Oso serio aritu gara atzean, eta baloiarekin ondo mugitu gara”. Belen Arrojok eta Gyntare Mazionytek hirukoa sartu zuten lehen laurdenaren bukaeran (15-19).
Oso gorabeheratsua izan zen bigarren laurdena. Avenidak bere jokalarien altuera aprobetxatu zuen Lointek Gernika Bizkaiaren kemenari aurre egiteko, eta eragina izan zuen. Talde gernikarrak arazoak izan zituen partidua kontrolpean mantentzen. Lopezek neurketa gelditu zuen, baina Salamancako taldea 14-0ko partzialarekin aurretik jarri zen. Juana Molinaren hirukoak eten zuen Avenidaren saskiratze sorta, eta taldea berpiztu egin zen. Ocetek, Lok eta Julie Wojtak gidatu zuten taldearen itxura aldaketa (33-32).
Hala ere, atsedenalditik bueltan, Lointek Gernika Bizkaiak ez zuen saskiratzeetan asmatu, eta aldeak gorantz egin zuen. Partiduko tarterik handiena lortu Salamancako taldeak (46-35), baina Lopezek gidatutako jokalariek ez zuten amorerik eman (49-43).
Azken txanpan, talde gernikarra markagailua iraultzen saiatu zen, eta oso gertu izan zuen luzapena behartzeko aukera. Azken minutuetan asko gerturatu zen aurkariarengana Oceteren hirukoarekin (56-52). Molinaren jaurtiketa libreek ere zalantzak sortu zizkion Avenidari, baina Tiffany Hayesek eta Silvia Dominguezek abantaila handitu zuten. Partidua bukatzeko segundo gutxi batzuk falta zirela hiruko jaurtiketekin tematu zen Lointek Gernika Bizkaia, baina ez zen posible izan.
Entrenatzailea pozik. “40 minutuz aurkaria estu hartzen” asmatu zutela adierazi zuen Lopezek: “Markagailuan aurretik egon gara denbora luzez eta baloiaren galera kontrolatu dugu, aurkarien saskiratzeak saihestuz. Beharbada saskiratzeetan asmatzea falta izan zaigu, baina egindako ahaleginarekin pozik nago”. Arrojo ere pozik azaldu zen komunikabideen aurrean: “Ikusteko oso polita izan den partidua izan da, eta pozik nago erakutsi dugun joko mailarekin. Marioren aginduak zuzen bete ditugu”. Biek burua biharko ligako partiduan dutela diote.