Landa eremuko Bizkaiko emakumeak bildu dira gaur Batzarretxean
Euren lana aitortu diete, bai eta babesa adierazi ere. Baserritarrek eredu iraunkorraren alde aurrerantzean "elkarregaz" lan egiteko deia egin dute.
Bizkaiko landa eremuko emakumeei euren lana aitortu eta babesa eman diete gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean. Landa inguruetako emakumeen nazioarteko eguna izan da asteon, eta gaur Bizkaiko emakume baserritarrak omendu dituzte udalerrian.
Ana Otaduik ongietorri berezia eman die emakume nekazariei eta abeltzainei, eta euren eguneroko lanak merezi duen “miresmena” adierazi die parlamentuaren izenean: “Zuen lanak hori baino gehiago merezi du”.
Urte luzez lehen sektoreko lana gizonezkoen lan bezala ezagutu dela deritzo Otaduik, baina emakumezkoak ere beti baserrian lanean egon direla aitatu du presidenteak: “Lehen lerroan egon behar dira emakumeak. Eurak dira landa eremua eta baserria bizirik mantentzen dituztenak”.
Munduko hainbat lekutan emakumeek egiten duten lana “ikusezina” dela uste du, eta horregaitik emakumeek landa eremuan duten zeregina eta presentzia ikustaraztea beharrezkoa dela deritzo.
“Emakumeen lanari behar duen balioa ematen diozue. Emakume eta gizonen berdintasuna landa eremura eramaten duzue, eta emakumezko gazteak nekazaritzara eta abeltzaintzara hurbiltarazi”, onartu die nekazariei.
Silvia Formenti Saskia landa eremuko emakume enpresarien elkarteko ordezkariaren berbetan, emakumeak landa eremura hurbildu eta gure politikoetara gerturatu behar dira. “Gure ahotsa lau haizetara zabaldu behar dugu normaltasun osoz”. Halaber, landa eremuan aurretik urte luzez lan egin duten, eta bidea zabaldu dieten emakumeen lana azpimarratu du: “Eskerrak eman gura dizkiegu bidea zabaldu diguten emakume guztiei; gaur egunera arte ekarri diguten feminista guztiei alegia”.
Tokian tokikoa. Etzaldeko Emakumeen elkartearen izenean aritu da Amets Ladislao, eta elikadura burujabetzaz hitz egin du Batzarretxean, emakume baserritarren garrantzia goraipatuz: “Euskal Herriko emakume baserritarrek izan duten garrantzia goraipatu nahi dugu, eurei esker mantendu delako landa eremuko eredu iraunkorra”.
Emakume baserritarrari buruz hausnartzerakoan denek baserri txiki bat imajinatzen dutela esan du Ladislaok, “behi, oilo edota ortu txikiekin”. Eta hori dela eurek defendatzen duten eredua argi adierazi du: “Emakumeon eredua da. Mugimendu feministak emakumeen bizitzak zentrora eraman behar direla lehenetsi du azken urtean. Guk, lurra eta abereak zaindu behar ditugu, baita pertsonak ere. Bizitzak zentroan jartzea da gure eredua, eta ez beti negozioa edo dirua”.
Elkarregaz aurrera. Euren “txikitasun” horretan instituzioak urruti sentitu dituztela ere aitortu du, eta beharrezkoa dela denon arteko elkarguneak eraikitzea uste du: “Istituzioak askotan landa eremutik urruti ikusten ditugu, eta falta da emakumezkoen eredu iraunkorra defendatzea. Izan ere lehen sektore honek bizi iraungo badu, eredu horrekin egingo du”.
Landa XXIeko kide da Oneka Zaballak ere hartu du hitza gaurkoan. 1999.urtean sortu zutela elkartea adierazi du, “landa eremuko emakumeen ahotsari indarra emateko”.
Gaur egun 1.000 bazkide baino gehiago dira: baserritarrak, nekazariak, abeltzainak… Denak “ausartak” direla deritzo, lehen sektorean lan egitea “esker gabekoa” delako: “Elkarrekin lan egin behar dugu gure lanak merezi duen balioa izan dezan. Landa eremuko motorra gara. Gu desagertuz gero, ezagutzen dugun landa eremua ere desagertuko litzateke”. Hori horrela, denon artean aurreranzko bidea eraiki behar dutela adierazi du: “Ipini gaitezen martxan”.