Denboraldiko lehen garaipena eskuratzen saiatuko dira Gernika Rugby Taldeko neskak
Domekan [urriak 6] dute hitzordua, Bilbon, eta taldea osatzeko zailtasunak badituzte ere, dena emateko prest zelairatuko dira
Gernika Rugby Taldeko neskek Euskal Ligako bigarren jardunaldia lehiatuko dute Bilbon domekan [urriak 6], 12:00etan. Talde gernikarrak Universidad Bilbao Rugby izango du aurrez aurre, eta denboraldiko lehen garaipena eskuratzen saiatuko dira.
Denboraldi gogorra aurreikusten dute taldeko ordezkariek, izan ere, taldea osatzeko zailtasunak dituzte. Jokalari oso gutxi dituzte. Hala, jokalariak animatzeko kanpaina berezi bat martxan jarri zuten liga hasi aurretik Gernika Rugby Taldeko neskek. Hain zuzen ere, sare sozialetatik bideo bat zabaldu zuten, eta esperantza ez dute galtzen: “Astero etortzen zaizkigu zenbait neska gurekin entrenatzera, baina ikusteko dago taldera sartuko diren edo ez”.
Taldeko arduradunek “errugbiarekin lotuta beldur asko” dagoela uste dute. “Neskek kirola praktikatu nahi dute, baina gurasoak ez daude beti ados. Ikara dago. Espero dugu datozen asteetan taldea guztiz osatu ahal izatea”.
Gogotsu, halere. Egoera zein den ikusita, “disfrutatzea eta beteranoekin zein etor daitezkeen jokalari berriekin ikasten jarraitzea” dute helburu. Izan ere, AVIA Eibar RTen aurkako ligako lehen partiduan egin bezala, duten guztia emateko prest zelairatuko dira zapatuan. “Partidu oso gogorra izan zen lehen jardunaldikoa, iazko ligako irabazleen aurka lehiatu ginen. Oso urduri irten ginen zelaira, eta hori lehen zatian irudikatu zen. Bigarren zatian lasaiago egon ginen. Hala ere, galdu egin genuen (5-21), baina sentsazio onak izan genituen. Orokorrean ikusi genuen potentzial nahiko dugula, baina taldea oraindik ere osatu gabe daukagu”.