Helduen egoitzetako dekretuak zerbitzu eta lan baldintzetan prekarietatea mantentzen duela salatu du LABek
Dekretu berria eta "erreala" egitea eskatu du LABek Gernika-Lumoko Batzarretxe aurrean. Dekretuak ez dakarrela "inolako aurrerapausorik" gaineratu dute ordezkariek, eta bertan ezarritako ratioak ez direla errealak salatu dute.
Zaintza zaindu lelopean Gernika-Lumoko Batzarretxearen aurrean elkartu dira gaur goizean herritarrak. Eta bertan, Eusko Jaurlaritzak uztailean onartutako helduen egoitzetarako dekretuak zerbitzuen arretan zein langileen lan baldintzetan prekarietatea mantentzen duela salatu dute. Gainera, kudeaketako ratio egokietan oinarritutako dekretu “egokia” egitea eskatu diote LABeko ordezkariek Eusko Jaurlaritzari.
“Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretua txapuza bat da. Prekarietatea eta langileen lan osasunaren falta betikotzen duen, eta helduen arreta kalitatea zailtzen duen dekretua da”, adierazi dute LABeko ordezkariek.
Dekretuak ez dakarrela “inolako aurrerapausorik” gaineratu dute, eta bertan ezarritako ratioak ez direla errealak salatu dute. Izan ere, langile gutxi daudela, eta askotan eskaintzen duten arreta ez dela presentziala izaten aitortu dute. Egoera “tamalgarria” dela diote: “Dekretuak ez ditu langile gehiago aurreikusten, eta ez du izaera presentziala eta kategorien araberakoa den ratiorik zehazten. Horrek eragotzi egiten du erabiltzaileen eskubideak betetzea, eta langileak erritmo eta lan karga askotara kondenatzen ditu”. Hala, besteren artean, langileek laneko erritmo jasangaitzak sufritzen dituztela, arretarako behar adina denborarik ez dutela, neurriz gaineko ahaleginak egiten dituztela eta estresa izaten dutela salatu dute.
Hala, gizarte zerbitzu guztiak modu egokian artatu behar dituztela aldarrikatu dute, eta dekretuak egiteko erabiltzen diren arretarako ratioak egokiak izan behar direla gehitu: “Sorospen ratio egokiak zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintza aproposak bermatu behar ditu. Behar adinakoak izan behar dira kopuruari, mailari zein izaera presentzialari dagokienean. Izan ere, zerbitzua emateak ezin du langileen osasunean kalterik eragin”. Horregatik, dekretu “erreala” egitea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari, “batez ere ratioen neurri errealean oinarritutakoa”. Langileen ikuspuntua jorratzeko, eta beharrezko arreta bermatzeko ahaleginak egin behar dituztela jakinaraiz diete agintariei Gernika-Lumoko Batzarretxean. Hala, LABeko ordezkariek Eusko Jaurlaritzari gogorarazi diote gizarte baten bizi kalitatea parekideei zaintzeko daukan gaitasunari erreparatuta neurtzen dela, “eta ez besteen beharretatik etekina atera nahi duen patronalarekin lerrokatuz ordea”.
Izan ere, euren ustetan, dekretuak irizide “ekonomistei” eta egutegi legegileari erantzuten die, eta ez arretaren kalitatea bermatzera zuzendutako irizpideei.
Parte hartzeari “uko”. Dekretua langileen parte hartzerik barik burutu dutela salatu dute: “Helduen egoitzetarako dekretua langileen parte hartze barik eta erabiltzaileen helegiteak kontuan hartu gabe onartu eta egin da, legebiltzarreko gehiengoari, erabiltzaileei eta profesionalei lepoa emanda”.
Hori horrela, egoitzak menpekotasuna dutenentzako baliabideak direla adierazi dute LABekoek, eta erabiltzaileek prestazioak eskuratzeko eskubidea dutela aitatu dute; eguneroko bizitzan oinarrizko jarduerak egiteko dituzten mugei erreparatuta. Prestazio horiek langileek egoitzetan ematen dituzten zerbitzuak direla gogorarazi dute: “Ondorioz, erabiltzaileei eskainitako profesional kopuruak eta denborak zehazten dute zein mailatan bermetzen edo errespetatzen diren erabiltzaileen eskubideak, emandako zerbitzuaren kalitatea eta baita langileen lan baldintzak eta eskubideak ere”.
Hala, harrigarria iruditzen zaie dekretua prestatzeko lanetan gizarte erakundeen, erabiltzaileen, langileen ordezkarien eta langileen parte hartzea bermatu ez izana.