Kirola eta hezkuntza landuz hasiko dute Gernika-Lumoko Bizikleta Astea etzi
Hitzaldiagaz hasi eta tailerrekin bukatuko dute bederatzigarren urtez ospatuko duten Bizikleta Astea. Bigarrenez egingo dute Lumoko kronoigoera, eta iazko parte hartzea gainditu dute dagoenerako; barikua da izena emateko azken eguna.
Aurten bederatzigarrenez ospatuko dute Bizikleta Astea Gernika-Lumon, eta barikutik astelehenera bitartean, ingurumenaren aldeko pedalkadak emateko hainbat aukera izango dituzte herritarrek.
Beste urte batez, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunagaz bat egingo du Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatutako asteak, eta bizikletak hartu eta kotxea alde batera uzteko deia egin dute aurten ere: “Ia hamar urte beteko dira Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunaren inguruan ekintzak antolatzen ditugunetik, eta aurten ere bizikleta bultzatzeko eta ingurumenaren alde egiteko aprobetxatuko dugu”.
Hitzaldiagaz hasi eta tailerrekin bukatuko dute astea. Hala, kirola eta hezkuntza landuko dituzte DBH 4. mailako ikasleekin Elai-Alai aretoan. “Gazteei kirola egitea eta hezkuntza uztartzea posiblea dela adierazi gura diegu”, aitortu dute arduradunek. Hitzaldian parte hartuko dute Iker Amorrortu futbolariak, Kemen Goitiandia errugbilariak eta Pello Bilbao txirrindulariak. Neska kirolariren bat egotea ere espero dute, baina zehazteke dago oraindik.
Astelehenean, berriz, tailerrak egingo dituzte Pasealekuan. Basati Biken eskutik, bizikletaren mekanika ere jorratuko dute parte hartzaileek.
Lumoko kronoigoera, bigarrenez. Iaz lehenengoz egin zuten Lumoko kronoigoera, eta “ondo pasatzeko aukera bikaina” dela adierazita, aurten ere berriro egingo dute. Pasealekuan hasi eta Lumoko plazarainoko bidea igoko dute txirrindulariek zapatuan; lehenengo gaztetxoen lasterketa egingo da, eta gero, berriz, lagun artekoa.
Dagoeneko lagun artekoan 35 pertsonak eman dute izena, eta iazko kopurua gainditzea lortu dute: “Iaz 30 bat pertsona batu ginen, eta aurten dagoeneko badakigu gutxienez 35 egongo garela. Hala ere, hurrengo egunetan beste zenbait parte hartzailek izena ematea espero dugu, izan ere, eguraldia lagun izango dugu”. Interesatuek barikura arteko epea izango dute izena emateko, eta aixerrotaze@gmail.com helbide elektronikora idatzita apuntatu ahalko dira; parte hartzaileak 16 urtetik gorakoak izan behar direla zehaztu dute.
Elkartasunezko martxa txikia, domekan egingo dute, eta ordubeteko iraupena izango du. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte bi aldiz, eta bertan batutako janaria Gurutze Gorriari laguntzeko bideratuko dutela aitatu dute antolatzaileek. Hori horrela, familia bakoitzak elkartasuna adierazteko janaria eraman beharko du; olioa edota arrosa esaterako. Bizikleta Asteko ekintzarik jendetsuena izaten da martxa txikia, izan ere, iaz 500 pertsona batu zituen. Lehenago, Gynkana egingo dute.
Irteerak, zapatuan. Mendiko zein errepideko bizikletekin ere irteerak egingo dituzte, eta eskualde inguruak zeharkatuko dituzte. Mendiko bizikletagaz egingo duten irteerak bi ordu inguru iraungo dituela adierazi dute antolatzaileek, eta gerturatzen den jendearen araberako ibilbidea prestatuko dutela aurreratu dute.
Herritarrei ekintzetan parte hartzeko deia egin diete gainera, ondo pasatzeko eta ingurumena errespetatzeko aukera bikaina delako: “Jendea pozik egoten da, eta ekintza politak antolatzen ditugu familian gozatzeko”.
09:00. Lagunarteko MTB eta errepide irteera.
16:30. Gaztetxoen Lumoko kronoigoera, hasiera Pasealekuan.
18:00. Lagunarteko Lumoko kronoigoera, Pasealekuan hasita.
10:30. Umeentzako Gynkana Pasealekuan.
12:00. Martxa txikia.
Astelehena, irailak 23
09:30-13:30. Umeentzako bizikleta tailerra Basati Biken eskutik.