Denboraldi berria hasteko prest daude basurdeak
2019-2020 denboraldia aurkeztu zuen atzo Gernika RTk. Adin guztietako jokalariak batu, eta denboraldi berria ekiteko prest daudela adierazi zuten denek ala denek. Basurdeen lehen taldearen helburu nagusia Ohorezko Mailara bueltatzea da.
Denboraldi berria bihar hasiko dute basurdeek, eta atzo arratsaldean, herriari talde berriak aurkezteko asmoz, Basurde Tabernan batu ziren maila guztietako jokalariak. Talde teknikoko zein zuzendaritza taldeko ordezkariak ere bertan egon ziren.
Musikaz lagunduta, kategoria guztietako taldeak aurkeztu zituzten basurdeek, Ohorezko B mailako taldetik hasi eta maila txikienetako jokalariekin amaitu arte. Urtero legez, guraso eta zaleek ez zuten hutsik egin, eta taldeen aurkezpena giro ederrez bete zuten.
Aurten, hamaika urteren ostean, Ohorezko B Mailan jokatuko du basurdeen lehenengo taldeak, eta berriz ere Ohorezko Mailara igotzeko helburuagaz hasiko dute 2019-2020 denboraldia. Jokalariak gogotsu daude, eta datorrenari aurre egingo diotela adierazi zuen atzo Jokin Eskolar lehen taldeko kapitainetako batek: “Orain dela bi hilabete hasi ginen entrenatzen. Badakigu denboraldia luzea dela, eta ez dela erraza izango lehenengo mailara berriz igotzea. Hala ere, kanpotik etorritako zein herriko jokalariekin datorrenari aurre egiteko gai izango gara”.
Iker Olaetak urte luzez jokatu du talde gernikarrean, eta herriko zaleei poztasun handi bat eman gura die bere azken denboraldia izan daitekeenean: “Gure jarraitzaile eta zaleei igoera bat ematea gustatuko litzaidake. Hori da aurtengo helburu nagusia”.
Bihar 12:00etan izango dute lehen hitzordua, eta Vigo RC izango dute aurkari Urbietan. Hala, iazko azken partiduan izan zuten nahiaz gogoratu, eta indar horregaz garaipen bategaz hasi gura du denboraldia Olaetak: “Denen artean lor dezakegu”.
Basurdeen lehen taldea Cristian Cabanesek zuzenduko du aurten. Dinamika onagaz iritsi da udalerrira, eta taldeagaz lan egoteko “gogotsu” dago: “Indarrez beteta nago, bestela ez nintzen Gernikara etorriko. Igandeko lehenengo partidurako prest gaude. Ea jende asko gerturatzen den laguntzeko”. Domekan borrokatzera aterako direla aitortu zuen atzo, “garrantzitsua baita denboraldia garaipenagaz hastea”.
Iaz Mauleko lehen taldea entrenatu zuen, eta mailaz igotzea lortu zuen. Euskal Herriko nesken eta 18 urtez azpiko jokalarien taldeetako entrenatzaile izandakoa ere bada iparraldeko entrenatzailea.
Zortzi fitxaketa. Taldea egonkortzeko zortzi fitxaketa egin ditu Gernika RTk, eta fitxaketa berriekin zein etxeko jokalariekin lan ona egitea espero dute zuzendaritzako kideek. Hala azaldu du Eduardo Maidaganek: “Joan den urtean etorritako jokalari atzerritarretatik, bakarrik jarraitzen du batek: Mercantik. Hala, zortzi fitxaketa berri egin ditugu, eta etxeko jokalariekin ondo moldatuko direla uste dugu. Etxeko jokalari ia guztiek jarraitzen dute, eta ahaleginak egiten baditugu, aurten lehen mailara igotzeko gai izango garela uste dut”.
Peio Urrutiak basurdeen bigarren taldean jokatzen du, baina lehenengo taldeari laguntzeko prest dago datorren denboraldirako. Azken astean Espainiako selekzioagaz jokatzen ibili da, eta esperientziak hobetzeko lagundu diola aitatu zuen atzoko aurkezpenean: “Espainiako selekzioagaz jokatzeak hobetzeko balio izan dit. Oso ondo egon da, astebete baino ez da izan, baina gustatu zait. Ea ikasitakoak Gernikan laguntzeko eta talde ona osatzeko balio didan”.
Gero eta gehiago. Emakumezkoen lehenengo taldea ere aurkeztu zuten atzo. Momentuz 24 dira, eta 30 pertsonako taldea osatzera iritsi gura dute. Asier La Torre entrenatzailearen berbetan, lehenengo helburua 30 pertsona batzea da: “Garrantzitsuena 30 pertsonako taldea sortzea da. Jende gutxiagaz hasi ginen, hamabost besterik ez ginen hasieran, eta gero eta gehiago gara. Hala, emakume gehiago errugbira hurbiltzea da gure asmoa”. Hori horrela, taldearen helburuak denboraldia hasi ahala zehaztuko dituztela aitatu zuen.