Garaipenagaz hasi dute denboraldia basurdeek
76-19 gailendu ziren etxekoak atzo Vigo Rugby taldearen aurka lehiatutako partiduan. Sentsazio honekin jokatu zuten, eta denboraldiko lehenengo bost puntuak eskuratu zituzten.
Bikain hasi dute denboraldia basurdeek. Etxean Vigo Rugby taldearen aurka lehiatu zuten Ohorezko B Mailako lehen norgehiagoka, eta 76-19 gailendu ziren etxekoak.
Partiduko lehen uneak ez ziren errazak izan basurdeentzako, galiziarrak defentsan tinko aritu baitziren. Hala eta guztiz ere, ondo moldatu ziren, eta lehenengo minutuetan aurre hartu zieten bisitariei (3-0). Hurrengo 30 minutuetan bi entsegu egin zituzten basurdeek, eta beste bategaz erantzun zieten galiziarrek (17-7). Atsedenaldira iritsi orduko, beste entsegu bategaz borobildu zuten lehenengo zatia etxekoek. Hala, 24-7ko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian, lehen zatian lortutako sentsazio onekin jarraitu zuten Gernika RTko jokalariek, eta norgehiagoka bukatu arte euren nagusitasuna erakutsi zuten. Vigoko jokalariek, gainera, hasierako uneetan izan zuten intentsitatea galdu zuten bigarren zatian, eta bost entsegu egin zituzten etxekoek; talde galiziarreko jokalariek bakarra egin zuten. Hala, 57 puntuko aldeagaz nagusitu ziren etxekoak, eta denboraldiko lehen bost puntuak eskuratu zituzten.
Aurtengo denboraldian erakutsi gura duten jokoa erakutsi zuten, baina galiziarren aurkako partiduan egindako huts egiteak bideratu beharko dituzte aurrerantzean; izan ere, aurkarien puntuak gernikako taldearen huts egiteek eragin zituzten.