Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute Ereñoko XIII. Raidean
Bost kategoria izango dituzte parte hartzaileek aukeran, eta hiru ibilbide konbinatuz osatuko dute lasterketa.
XIII. Raida lehiatuko dute zapatuan [ekainaren 29a] Ereñon, eta berrikuntza nagusia Zaldi gazteen zikloa izango da. Lau urterik behin antolatzen duten txapelketa da eta lau eta zazpi urte bitarteko zaldiek parte hartuko dute aurten ere. Arraza puruko animaliak dira, eta begirale bereziek sasoirik onena duena sarituko dute. Irabazleari garaikurra emango diote.
Guztira, bost kategoria egongo dira, eta parte hartzaileek Gabika auzoa eta Nabarniz inguratzen dituzten hiru ibilbide konbinatu beharko dituzte. Luzeenak 26 kilometro ditu, tartekoak 24, eta laburrenak 16 kilometro. Probak 09:00etan hasiko dituzte.
80 kilometroko lasterketa egin beharko dute nazioarteko CEI 1 CEN 0 eta CEN 1 probetako zaldunek, hau da, 26 kilometroko ibilbideari bi bira eman behar dizkiote eta 24 kilometro dituenari bakarra. Iaz egin bezala, emakumezkoen Ladies Cup modalitatea ere lehiatuko dute. Sari nagusiez gain, garaikurra emango diote modalitate honetako irabazleari.
60 kilometroko proba lehiatuko dutenek, aldiz, 26 kilometroko ibilbideei bira bat eta 16koari bi eman beharko dizkiete.
Euskadiko Txapelketa hartu zuen iaz Raidak, baina aurten ere hitzordu berezi bat izango dute 40 kilometroko lasterketa egin behar duten CEAP kategoriako lehiakideek: Bizkaiko Txapelketa. 24 kilometroko bira bat eta 16 kilometroko beste bat egin beharko dute parte hartzaileek.
Sariak eta partaideak. Kategoria guztietako lehen hiru sailkatuek garaikurrak jasoko dituzte, baita pentsio zakuak eta txakolin botila bat ere. Sasoi fisiko onenean dagoen zaldiari Beste Condition saria emango diote. 40 bat lagunek parte hartuko dute Ereñoko XIII. Raid lasterketan, Euskal Autonomia Erkidegotik, Nafarroatik, Kataluniatik, Andaluziatik, Kantabriatik eta Valentziatik etorritakoak.
Busturialdeko lehiakideei dagokienez, Ariane Maruri iazko Euskadiko Txapelketako irabazlea ez da irteeran izango. Zihara Zubizarreta nabarniztarra, Ane Arostegi errigoitiarra eta Osertz Lejarreta ereñarra, ordea, bertan izango dira.