Martxan dago SOMEko III. Aste Kulturala
Erritmoak eta soinuak toki alternatiboetan entzun ahalko dira aste honetan zehar. Gaur Kaltzada Egoitza girotuko dute biolin eta orkestrako ikasleek 18:00etan hasita, eta Elai-Alai areto txikian ordu berean entzun ahalko dira besteren artean, triki, piano, txistu eta flauta doinuak.
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasturteko III. Aste Kulturala martxan dago, eta ikasleek hartu dute dagoenerako protagonismoa. Hala, zapatura bitartean, udalerriko txoko desberdinak musikatuko dituzte.
Erritmoak eta soinuak toki alternatiboetan entzun ahalko dira aste honetan zehar. Emanaldietarako ohikoak diren musika eskolan, Lizeo Antzokian eta Elai-Alai areto txikian jotzeaz gain, Kaltzada Egoitzan, Euskal Herria Museoan edota Busturiko liburutegian ariko dira musikariak. Gernika-Lumoko kaleak era giroz eta musikaz beteko dituzte bariku eta zapatuan, San Juan Ibarran ere kontzertua eskainiz.
Pianojoleen emanaldiekin hasi zuten aste kulturala barikuan Musika Eskolan. Gaur, baina, Kaltzada Egoitza girotuko dute biolin eta orkestrako ikasleek 18:00etan hasita. Ordu berean, Elai-Alai areto txikian entzungo dira besteren artean, triki, piano, txistu eta flauta doinuak.
Bihar, museoan. Musikaren aterpe izango da bihar Euskal Herria museoa. Bertan, 18:00etatik aurrera, txistu, biolin, klarinete, flauta, saxo, biolontxelo eta akordeoi jotzaileak arituko dira.
Etzi, berriz, bi saio egingo dituzte Elai-Alai areto txikian; 17:30ean eta 19:00etan izango dira. Lehenengoan denetariko doinuak entzun ahalko dira, eta bigarrenean berriz, pianoa izango da protagonista.
Eguenean, Busturiko liburutegian ariko dira txelo taldeko eta orkestrako ikasleak 18:30ean hasita. 19:00etatik aurrera, berriz, Lizeo Antzokian ganbara musikako taldeko ikasleak, akordeoiak, gitarra klasiko eta elektrikoko ikasleak, trikitilariak eta bandak eskainiko dute kontzertua.
Barikuan 17:00etan pianojotzaileek berriro hartuko dute Elai-Alai areto txikia. Horien saioa bukatuta, txistu eta trikitilariek udalerriko kaleak musikatuko dituzte 20:00etatik aurrera. Eta eguna borobiltzeko, Rock N´Band bandak San Juan Ibarra girotuko du 22:00etan hasiko den emanaldiagaz.
III. Aste Kulturalari bukaera ematearen ardura hartuko dutenak Some Rockers taldea eta konboa izango dira. Zapatuan 20:00etan arituko dira San Juan Ibarran.