Ertzaintzak baieztatu du Bermeon desagertu zen gaztearen gorpua dela zapatuan portuan aurkitutakoa
Atzo identifikatu zuten zapatuan Bermeoko portuan aurkitutako gorpua, eta SOS Desaparecidok jakinarazi duenez, ekainaren 4ean desagertu zen gizonezkoagaz bat dator.
Bermeoko portuko haitz eremuan gizonezko baten gorpua aurkitu zuten zapatu iluntzean, eta SOS desaparecidok jakinarazi eta Ertzaintzak baieztatu duenez, ekainaren 4an Bermeon desagertutako gaztearen gorpua da.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, zapatuan 18:00ak aldera gazte batzuek aurkitu zuten aipatu gorpua, eta abisua eman ondoren, 21:00ak aldera, erreskatatu zuten.
Hilotza iristeko zaila den Bermeoko portuko haitz eremuan zegoen, eta Ertzaintzaren helikopteroa erabili behar izan zuten uretatik ateratzeko. Gero, Bilboko auzitegiko patologiako zerbitzuen esku utzi zuten identifikazioa, eta atzo identifikatu zuten.