Naiara Diez: "Kanporaketa pasatzeko oso garrantzitsua da biharko partidua irabaztea"
Valencia BCren kontra lehiatuko du Lointek Gernika Bizkaiak play off-etako lehenengo kanporaketa bihar 20:30ean Malosten.
Emakumezkoen ligan laugarren postuan bukatu eta gero, etxean hasiko du titulua lortzeko kanporaketa Valencia BCren kontra Lointekek, bihar 20:30ean, Malosten. Valentziarren aurkako norgehiagoka “oso leihatua” izango dela badakitela esan dute gaur taldekideek, eta garaipena eskuratzeko beharra azpimarratu dute Mario Lopez entrenatzaileak eta Naiara Diez taldeko kapitainak.
Ilusioz ekingo diote kanporaketari, eta orain arte play off-etan eskuratu ezin izan duten garaipena lortzen saiatuko dira. “Bi aldiz heldu gara play off-etara, eta aurrekoetan ezin izan ditugu garaipenak eskuratu. Horregatik, aurten lehenengoz, kanporaketa pasatzeko desiatzen gaude”, esan du Lopezek.
Fisikoki eta teknikoki taldea ez dagoela denboraldiko unerik onenean onartu du Lopezek, baina, azken jardunaldia irabazteak taldeari on egin diola uste du: “Ilusio eta gogoz beteta gaude biharko partidurako”. Diezek taldea igarotzen ari den unea ez dela onena onartu arren, talde guztiek dituztela gora beherak esan du.
Hala, kanporaketako partiduak finaltzat hartuta, dena ematera aterako direla onartu du kapitainak, garaipenagaz hastea kanporaketa igarotzeko gakoa dela uste baitu: “Biharko partidua oso hitzordu garrantzitsua da, eta dena lortzeko gogoz kantxaratuko gara. Kanporaketa pasatzeko oso garrantzitsua da garaipenagaz hastea”.
Lopezek ere lehenengo partidua irabaztea “beharrezkoa” dela uste du: “Oso garrantzitsua da garaipena lortzea. Markagailua berdinduta badago urduritasunei eutsi eta aurreko urteetako esperientzian oinarritu beharko gara. Finalak dira, eta oso kontzentratuta lehiatu behar dugu”.
Talde sendoa. Gaur goizean hasi dira Valencia BCren kontrako norgehiagoka prestatzen. Horretarako, Valentziako taldearen azterketa sakona egin dute Lointekekoek. “Talde oso sendoa dute, eta denboraldia igaro ahala hasten joan dira gainera. Jokalari bikainak dituzte, elkar ondo ezagutzen dutenak”, aitortu du entrenatzaileak. Sei jokalari oso fisiko dituztela kontatu du, eta kanpoko lerroan jokatzeko erraztasunak dituztela ere aipatu du.
Horren aurrean, talde gernikarrak bere erritmoa jarri beharko duela aitortu du Lopezek: “Erritmoa kontrolatzea oso garrantzitsua da horrelako norgehiagoketan. Guk eraman behar dugu biharko erritmoa, hor egongo baita garaipena eskuratzeko gakoa”. Gainera, indarrez eta sendo defendatzea ezinbestekoa izango dela esan du entrenatzaileak, “aurrean joko dinamikoa egiteko”.
Bitik bi partidu irabazi dizkio Lointekek Valentziari, baina aurreko norgehiagoka horiek ezin direla aurrekari modura hartu uste du Lopezek: “Asko aldatu da gure taldea partidu horietatik. Gure kanpoko lerroa guztiz desberdina da. Orain, bat kontra batekoa jokatzeko abantaila gehiago ditugu, baita jaurtiketetan ere. Hala ere, defendatzeko orduan zailtasun gehiago izango ditugu”.
Etxean lehenengoa. Etxean jokatzen hasteak ez duela gauza asko erabakiko uste du Lopezek: “Etxeko lehenengoa galduz gero, etxean jokatzen hastea gure aurka joango da. Horrek ez du balantza erabakiko”. Diezek ere, lehengoaren garrantzia azpimarratu du, ez delako berdina etxean galtzea edo irabaztea: “Ez da berdina etxean galdu eta kanpora irabazteko beharragaz joatea, edota etxean irabazteak dakarren lasaitasunagaz bidaiatzea”.
Denboraldiko une garrantzitsuena heldu da. Laugarren postua eskuratzea garrantzitsua izan da, eta orain lorpen hori defendatuko dute. “%100 eman behar dugu irabazteko eta urte osoan egin dugu lana saritzeko. Baita afizioari euren bultzada eskertzeko ere”, esan du Diezek.