Zaragozan irabazita, Lointek Gernika Bizkaiak etxean hasiko ditu play off-ak
Eguaztenean Valencia BCren kontra jokatuko du, 20:30etik aurrera, eta domeka iluntzean jokatuko dute bueltakoa, Valentzian.
Emakumezkoen liga laugarren postuan amaitu du Lointek Gernika Bizkaiak; 18 partidu irabazi eta 8 galdu ditu. Mann Filterren kontra atzo lehiatu zuen azken jardunaldia, Zaragozan, eta 58-63 irabazi zuen.
Ondorioz, ligako titulua lortzeko kanporaketa etxean hasiko du talde gernikarrak. Valencia BCren kontra lehiatuko du play off-a; biek ala biek 44 puntugaz amaitu dute liga. Eguaztenean (apirilak 10) dute hitzordua Malosten (20:30), eta domeka iluntzean jokatuko dute bueltakoa, Valentzian (20:00). Berdinketa egonez gero, hirugarren partidua etxean jokatuko luke, apirilaren 17n (eguaztena).
51 puntugaz Perfumerias Avenidak amaitu du lehen postuan, eta Spar Citylift Gironak bigarren, 48 puntugaz. Cadi La Seuk 44 puntu bildu ditu. Play off-ei dagokienez, Avenidak Mann Filterren kontra jokatuko du, eta horien artean irabazten duenak Lointek eta Valentziaren kanporaketako garailearen kontra lehiatuko du hurrengo kanporaketa. Beste multzoan, Girona vs. RPK Araski eta Cadi La Seu vs. IDK Gipuzkoa neurketak daude.
Atzoko partidua. Irabaztea zen azken jardunaldiko helburua, “final bat” bezala hartu zuten, eta jokalariek ez zuten hutsik egin. Batik bat defentsa lanean nabarmendu zen Lointek, eta horri esker, esaterako, hirugarren laurdenean 20 puntuko errenta lortu zuen.
Lehen minutuetatik asmatu zuen taldeak, eta markagailuan aurre hartu zuen (2-6). Ondoren, etxekoek markagailua berdindu zuten. Baina, defentsa sendotuta, etxekoak estu hartu zituzten; talde zaragozarra ia sei minutu egon zen punturik lortu barik. Lehen laurdena lau puntuko aldeagaz amaitu zuen talde gernikarrak (6-10), eta ondoren, bost puntu jarraian eginda, Fabian Tellez etxekoen jokalariak hutsartea eskatu zuen. Euren lekua hartu ezinik ikusi ziren etxekoak, jaurtiketetan asmatu ezinik. Hala, Mann Filterreko Montoliuk hirukoa egin, eta Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak partidua geratu zuen (11-15). Ondo erantzun zuten jokalariek, eta 0-7ko partziala egin zuten. Partiduaren kontrola zeukan talde gernikarrak, eta abantaila horri esker, hamabi puntuko aldeagaz joan ziren atsedenaldira: 18-30.
Bigarren zatiaren hasieran, Lointek Gernika Bizkaiak atzean sendo jarraitu zuen. Etxekoak nahi eta ezin zeuden, eta horrek errenta handitzeko balio izan zion talde gernikarrarik. Esate baterako, 24. minutuan, 22-43ko markagailuagaz zeuden. Errenta handia bazen ere, Lointekekoak ez ziren erlaxatu eta presioa eginez jarraitu zuten. Falta asko egin zituzten, eta etxekoek markagailuko aldea murriztu ahal izan zuten. Hala, 11 puntuko aldeagaz sartu ziren azken laurdenean. Etxeko jokalariak partiduan “sartzea” lortu zuten, baina, beranduegi. Gernika-Lumoko taldeko jokalariek zenbait hutsegite egin zituzten erasoan. 50-57ko markagailuagaz, oraindik edozer gerta zitekeela zirudien. Lointek defentsan zein erasoan pauso bat atzera eman zuen azken minutuetan, baina, halere, garaipena bermatzeko lan egiten jarraitu zuen azken unera arte.