Gernika FSk jai giroan borobilduko du denboraldi amaiera
Denboraldiko etxeko azken partidua jokatuko dute Santanapen, zapatuan, eta ondoren, ospakizun berezian elkartuko dira taldekideak eta gertukoak.
Hirugarren mailara igotzea eta ligako txapeldun izatea ospatzeko jaia prestatu dute zapaturako (apirilak 6).
Aurretik, baina, denboraldi honetako etxeko azken partidua jokatuko dute ( Datorren astean Tolosalaren kontra amaituko dute liga, Tolosan). Gernika FS eta Sestao FSren arteko partidua 16:45ean hasiko da, Santanapen. Bizkaitarren arteko derbiagaz agurtuko dute etxeko Euskal Ligako azken partidua, eta halakoetan irabazteak “harrotasuna” ematen duela zehaztu du Urtzi Mentxaka Gernika FSren entrenatzaileak: “Derbiak beti gura izaten dira irabazi. Aurreko astera arte Sestao mailaz igotzeko aukeragaz egon zen, baina, galdu zuenez, uste dut aukera barik geratu dela. Beraz, halako derbietan irabazteak ematen duen harrotasuna besterik ez da egongo jokoan”. Bi taldeak areto futboleko “beteranoenetakoak” dira; ondo ezagutzen dute elkar.
Partiduaren ostean, Astrara hurreratuko dira. 19:00etan harrera egingo diete jokalari zein gainontzeko taldekideei. Ospakizunekin hasteko, pintxopotean elkartuko dira, eta jokoren bat edo beste egingo dutela aurreratu dute. Gaua, berriz, musikak lagunduta emango dute. TPR the Return dj-ak jarriko dio doinua jaiari. Giro ezin hobea izango dutela azpimarratu dute.
Mentxakak azaldu duenez, batik bat gertukoekin eta partiduak ikustera hurbiltzen diren zaleekin zer edo zer berezia egin gura zutelako antolatuko dute jaia. Denboraldi bikaina egin dute, eta denen artean ospatzea da euren asmoa. “Hurbilekoekin ospatuko dugu, baina, oro har, herrian eta herrikoekin. Denak dira ondo etorriak. Horregaz batera, herrian ikusgai egon gura dugu. Taldeari eta aurten egin dugun lanari eta lortutakoari ikusgarritasuna emateko modua ere bada. Hirugarren mailara goaz; kategoria nazionala da, interesgarria eta polita. Seguruenik herriko kirol minoritarioena da, eta ondo legoke herrian taldea ezagunagoa izatea”.
OSPAKIZUNA:
- 19:00. Iritsiera Astrara.
- 20:30-22:00. Pintxopotea.
- 20:30-23:00. Porteriarekin jolasak.
- 23:00. TPR the Return