Gernika FSk Hirugarren mailan jokatzeko txartela lortu du
Gernika-Lumoko areto futboleko taldeak denboraldi honetako helburu nagusia lortu du. Orain, liga irabaztea da jokalarien erronka.
Duela bi urte Euskal Ligara igotzea lortu zuen Gernika FSk, eta oraingo honetan, beste urrats bat eman du. 2019-2020 denboraldian Hirugarren mailako taldea izango da.
Eguen iluntzean partidu erabakigarria jokatu zuten Santanape Kiroldegian. 6-5 hartu zuen mendean Ermuako Scorpio taldea. Hala, hurrengo denboraldian Hirugarren mailan jokatzeko txartela eskuratu zuen.
Denboraldia amaitzeko hiru partidu geratzen zaizkie, eta liga irabaztea da orain taldekideen helburua. Izan ere, denboraldi honetako helburu nagusia mailaz igotzea izan da, eta hori lortuta, ligako titulua bereganatzea da euren erronka. “Guretzat pausu garrantzitsua da. Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan lortu dugu denboraldi honetako helburua. Noski, orain gure helburua liga irabaztea da; denboraldia lehen postuan amaitzea”, adierazi du Urtzi Mentxaka entrenatzaileak.
Eguenean puntu bakarra lortzea nahikoa zuten igoera lortzeko, baina, etxean jokatuta, taldeak irabazi gura zuela dio Mentxakak. 2-0eko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia, eta bigarrenean, launa berdinduta zeudela, Scorpio aurretik jarri zen. Hala, partidua bukatzeko bi minutu pasatxo falta zirenean, 6-5 jarri zen aurretik etxeko taldea eta emaitza horri eutsio zion.
Sailkapenaren goikaldeko bi talderen arteko partidua izan zen. “Aurkaria sailkapeneko hirugarrena da. Lehia sanoa egon zen, baina, bi taldeok partidua irabazi nahi genuen. Bagenekien sufritu egingo genuela. Zortea gure alde izan genuen, eurak markagailuan aurretik jarri zirenean, bi gol jarraian sartu genituelako. Amaieran, ondo defenditzen asmatu genuen”. Talde ermuarrarentzat lehen urtea da Euskal Ligan, eta denboraldi oso ona egin dutela aitortu du Gernika FSren entrenatzaileak.
Emaitzagaz oso pozik daudela eta partidu ikusgarria izan zela gaineratu du: “Apur bat arraroa ere izan zen, ez gaude ohituta eguen batean jokatzera, eta are gutxiago 20:00etan”.
Hurrengo asteburuan Aretxabaletan jokatuko dute. Martxoko azken asteburuan atsedenaldia dute, eta apirileko lehen asteburuan (apirilaren 6an) Sestaoren kontra etxean jokatu ostean, apirileko bigarren asteburuan amaituko dute liga, Tolosan.
Ligako titulua eskuratzeko beste partidu bat irabazten saiatu behar direla azaldu du entrenatzaileak: “Uste dugu hurrengo asteburuan bigarren sailkatuak galduz gero, titulua gurea izan daitekeela”.
Sailkapenean lehenengo. Hiru talde igoko dira Hirugarren mailara. Gaur gaurkoz, Gernika FS sailkapeneko lehena da. Eskoriatza dago bigarren, eta Scorpio hirugarren. “Sei puntu ateratzen dizkiogu bigarren taldeari, eta hirugarrena hamar puntura daukagu. Beraz, igoera bermatu dugu”.
Taldea entrenatzen bederatzi urte daramatza Mentxakak, eta “aparteko” denboraldia egin dutela azpimarratu du. Urteetako ibilbidearen ondorioz, talde sendoa osatu dutela dio, eta jokalarien lana goraipatu du: “Jokalariek duten gogoa itzela da. Lan asko egiten dute, bai entrenamenduetan eta baita partiduetan ere. Denboraldi hasieran jarritako helburua lortzeko gogoz eta ilusioz egon dira, eta horretarako lan egin dugu”.