Gernika FS, ligako txapeldun
Aretxabaletan hiru puntuak eskuratuta, Euskal Liga irabazi du talde gernikarrak. Bi jardunaldiren faltan eskuratu du ligako titulua. Denboraldi honetako helburu nagusiak bete dituzte jokalariek.
Orain dela bi aste Hirugarren mailan jokatzeko txartela eskuratu zuen Gernika FSk, eta asteburu honetan ligako txapeldun geratu da.
Hain zuzen, bi jardunaldi barru amaituko dute liga. Asteburu honetan atsedenaldia dute, eta apirilaren 6an jokatuko dute etxeko azken partidua, Sestao FSren kontra. Gero, apirileko bigarren asteburuan amaituko dute liga Tolosalaren kontra, Tolosan.
“Liga modu honetan amaitzeagatik oso pozik gaude. Bi jardunaldiren faltan, txapeldunak gara eta ez dugu ezer jokatzen. Horrek, lasaitasuna ematen badigu ere, ez gara erlaxatuko. Lehiakorrak gara, eta falta zaizkigun bi partiduak irabazten ahaleginduko gara”, azaldu du Urtzi Mentxaka entrenatzaileak. Aurkariei hori zor dietela deritzo: “Eurak ere partiduak lehiatu nahiko dituzte; liderrari irabaztea beti da polita”.
Denboraldi honetan jarritako helburuak jokalarien lanari esker lortu dituztela gaineratu du, euren “prestutasuna izugarria” izan delako. Entrenamenduetan zein partiduetan erakutsi duten jarrera eskertu du entrenatzaileak. Era berean, babesleen laguntza eskertu du: “Eurak barik ezinezkoa litzateke egiten duguna egitea, eta aurrera jarraitzea”.
Zapatuan, 6-10 irabazi zion Aretxabaletako taldeari. Gernika FS nagusi izan zen partidu osoan zehar, baina, etxeko taldeak ez zuen amore eman, eta indartsu borrokatu zuen.
Partiduaren hasiera parekatua izan bazen ere, gernikarrek markagailuan aurretik amaitu zuten lehen zatia; 0-3ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, 35-40 segundotan bi gol sartu zituzten aurkariek, eta horrek urduritasuna eragin zuen gernikarrengan. Hala ere, partiduaren kontrola berreskuratu zuten, eta garaipena bermatzeko errentari eutsi zioten. “Aretxabaletak ez zuen ezer jokoan, baina, maila eman zuen, eta ez zuen erritmoa jaitsi. Uste dut garrantzitsua dela jokoan ezer ez duten taldeek partidu amaiera arte borrokatzea eta lehiakorrak izatea”.