Bizitzak eta berdintasuna egunerokoaren erdigunean jartzeko exijitu dute milaka lagunek
Gernika-Lumon eta Bermeon kalera atera dira emakumeak, berdintasuna aldarrikatu eta heteropatriarkatuari planto egiteko
Martxoaren 8a aldarrikapen eguna izan da beste behin, eta greba deialdiarekin bat egin zutelan milaka emakumek atzo, Busturialdean. Bizitzak erdigunera lelopean, herriguneak bete zituzten emakumezkoek atzokoan. Goizetik hasita, kaleak apaindu zituzten Gernikan eta Bermeon, more kolorea nagusituz herrietan. Eguerdiko mobilizazioek ehunka emakume bildu zituzten eskualdeko bi herri nagusienetan.
Berdintasunerantz pausoak emanez egin zituzten manifestazioetako ibilbideak. 1.500 pertsona baino gehiago bildu ziren Bermeon. Sektore desberdinak batu ziren deialdira: pentsiodunak, ikasleak eta kontserberetako andreak. Goiko plazan hasi zen ibilbidea, Rap musika lantzen duten bi kantariren kontzertuarekin, txalapartarekin eta bertsolariekin. Ostean, udal azokan egin zuten geldiunea, eta bertan dantza egin uzten. Taraskan, eraildako emakumeak izan zituzten gogoan eta lamerako ekitaldi nagusriarekin amaitu zuten manifestazioa. Herriko emakume talde ezberdinek sortutako martxoaren 8ko asanbleak antolatu zituen atzoko ekimenak, eta balorazio ona egin dute; oinarri bat finkatu dela uste dute feministek. Arratsalderako, Bilbora joateko deia egin zuten Bermeon, eta Erroxapek antolatuta, bi autobus bete zituzten hiriburuko mobilizazioan parte hartzeko.
Gernika-Lumon, Dia supermerkatuetako langileek eta Oneka emakume pentsionisten plataformak hartu zuten manifestazioaren burua, Saraspetik hasita. Institututik, ikasleek eta gazteek zabaldu zuten manifestazioa. Emakumeen kontrako indarkeria mota ezberdinak irudikatu zituzten atzoko protestek, Busturialdeko arazoak ere erdigunean jarriz.
Bermeon Lameran amaitu zuten kalejira, eta Merkatu plazan Gernika-Lumon. Bi zutabetan atera ziren emakumeak merkatu plazan batu eta gaur egungo sistemak emakumeengan duen eragina irudikatu zuten. Eredu kapitalistak eta heteropatriarkatuak emakumeak nola zapaltzen duen erakutsi zuten kutxekin egindako lau hormen artean hesituz. Hala ere, inposatutako kate horiek apurtzeko indarrak batzera deitu zituzten emakumeak.
Dia supermerkatuetako langileek ere hitz egin zuten Gernikako ekitaldian. Bizi duten egoera salatu eta astelehenetik aurrera Dia dendetan ez erosteko eskatu dute. Martxoaren 11n greba mugagabea hasiko dute enpresa horretako langileek.
Eguerdi ostean ere ekimenak antolatu zituzten Astran: elkarrekin bazkaldu eta jokoetan zein hitzaldietan parte hartzeko aukera izan zuten bertan bildutakoek.
Milaka lagun Gernikan ere, iluntzean. Eguerdiko protesta jendetsua izan zen Gernika-Lumon, baina jendetsuagoa izan zen iluntzekoa. Mila lagun baino gehiago batu ziren Merkurio iturritik abiatu zen manifestazioan. Eguerdian egin bezala, merkatu plazan amaitu zuten ibilbidea, eta ekitaldi nagusian parte hartu zuten bildutako herritarrek. Bertsoak, kantuak, antzezpenak… Berdintasunaren aldeko deia eginez amaiera eman zioten atzoko ekitaldiari. Gauean, sorgin jaia egin zuten, Astran. Martxoaren 8ko mobilizazioen balorazio positiboa egin du Gernika-Lumoko sare feministak. Jendea asko bildu zen eguneko ekimenetara, eta parte hartzea iazkoa baino handiagoa izan dela esan dute. Problematika honetan, jendartea aurrerapausoak ematen ari delaren seinale da, haien iritziz.
Martxoaren 8ari jarraipena emanez, hurrengo egunetan ere zenbait jarduera egingo dituzte Busturialdean.