Astelehenetik aurrera Dia superkerkatuetan ez erosteko eskatu dute langileek
Martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartu dute emakumezko langileek, eta beraien egoera salatu dute
Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aurkeztu zuen Dia supermerkatu kateak otsailaren 8an, eta Espainiar Estatuan 2.100 langileri eragingo die. Busturialdeko dendetako langileei ere eragingo die, eta egoera salatzeko mobilizazioak egin dituzte. Atzo ere, martxoaren 8ko ekimenekin bat egin zuten dendetako andreek, eta beraien egoera salatu zuten.
Otsailean eta martxoan 3 greba egun egin dituzte, eta astelehenetik aurrera –martxoak 11– greba mugagabea hasiko dutela iragarri zuten atzo. Hori dela eta, egun horretatik aurrera Dia supermerkatuetan ez kontsumitzeko eskatu dute langileek.
ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Diako langileek ez dute inolako erantzukizunik Dia taldearen akzio eta finantziazio egoerarekin, eta ardura hori enpresako kudeatzaileena baino ez dela adierazi dute. Hego Euskal Herriko dendetako egoerak berezko analisia merezi duela uste dute sindikatuek, eta egoeraren azterketa eta negoziazioak bertan eta bertako langile eta sindikatuekin egiteko eskatu dute, irtenbiderik egokienak bilatu asmoz. Era berean, gehiengo sindikala izan arren, enpresa buruek ELA eta LAB sindiktuak negozioazio mahaira deitu ez izana kritikatu dute.