Jaio bezain libre bizi
Berdintasunean hezitzea eta parekidetasunean eta berdintasunean oinarritutako ikaskuntza eskaintzea ezinbestekotzat jo dute Gernika-Lumoko ikastetxeek, eta zapi moreak eskuetan hartuta kalera atera dira ikasleak.
Zer egin, nola esan, nola egin eta zer izan. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan argi izan dute zer den egin beharrekoa Gernika-Lumoko ikastetxeek. Berdintasunean hezitzea eta parekidetasunean eta berdintasunean oinarritutako ikaskuntza eskaintzea ezinbestekotzat jo dute, eta zapi moreak eskuetan hartuta kalera atera dira, berdintasunaren aldeko aldarria egitera.
Eskuak elkarri eman eta indarrak batu dituzte. Zapi morea jantzita edo eskuan hartuta, biharko greba feministagaz bat egiten dutela erakutsi dute. Udalerriko erdigunea inguratu dute Allende Salazar, Barrutia, Mertzede, San Fidel eta Seber Altubeko ikasleek. Bata bestearen ondoan jarri, eskuak hartu eta beraien konpromisoa erakutsi dute.
Nola esan. Foruen plazan elkartuta, beraien aldarria ozen aldarrikatu dute neskek. “Berdintasuna bultzatzeko, jazarpenaren kontra eta lan baldintza berdinak aldarrikatzeko batu gara gaur. Mugimendu feministak gizarteari helarazitako deialdiari jarraiki, grebarako deia egiten dugu; zugatik, gugatik, emakume guztiengatik”, esan dute udaletxeko balkoitik.
Gizartean gauza asko aldatu direla jakin arren, oraindik ere emakumeak gutxietsita sentitzen direla salatu dute: “Denak berdinak garela entzuten dugu, baina kalean ikusten duguna ez da horren eredua”. Hala, aldaketak bultzatzeko ahalegin gehiago egin behar dela uste dute.
Inor ez dela matxista jaiotzen argi utzi dute ikasleek: “Inor ez da horrela jaiotzen, egin egiten gara: imitatuz, kopiatuz eta jarraituz”. Horri irtenbidea emateko, bakoitzaren ametsekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute, “irribarre erraldoienagaz dagokien lekua lortzeko”.
Etorkizunari ere begiratu diote gaztetxoek, eta teorian dakitena praktikan jartzeko unea dela adierazi dute: “Txikitatik ume guztiak feminismoan hezi behar gara, denok eskubide berdinak ditugulako: lanpostu berdinean soldata bera ezarriz, kiroletan aukera berdinak emanez, kalean gure burua libre eta seguru sentituz, eta justizian legeak aldatuz”. Emakumeak, gazteak zein nagusiak bakoitzaren bizitzaren erantzuleak direla aldarrikatu dute, ez daudela inoren menpe ozen esanez.
Nola egin. Irribarrez, dantzaz eta kantatuz berdintasuna beharrezkoa erakutsi dute. Adierazpena irakurri eta gero, Mertzede Ikastetxeko ikasleek martxoaren 8rako egindako abestia erakutsi deiete beste ikastetxeetako ikasleei, Hibai Etxebarria musikariagaz batera; plaza musika doinuz bete dute.
Gero, erratzak hartu, eta erre zituzten sorginen oinordekoek dantza egin dute. Oihu eta irrintzi artean ibili dira, eta irribarrez aske bizi nahi dutela erakutsi dute.
Zer izan. Emakume askeak eta gizarte feminista eraiki gura dute denek. Ikasleek argi esan dute zelakoa den lortu gura duten gizartea, eta horretarako borrokatu argi utzi dute. Hala, biharko ekintzetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Pozik, berriro eskuak elkarri emanda eta Huntzaren Zer izan abestia entzun bitartean bukatu dute agerraldia. Zapi moreak astinduta berdintasunaren aldeko pauso bat eman dute. “Gure herria baino handiagoa den indar honekin hauxe esango dugu: jaio ginen bezain libre biziko garela!”