Harrera herria izateko lehen pausoak eman dituzte eatarrek
Joan den astean Harrera herria izatea erabaki zuten eatarrek, eta dagoeneko hasi dira lehenengo pausoak ematen. Hala, Rifetik (Maroko) Gernika-Lumora hurbildutako familiarentzako Ean etxebizitza bat egokitzeko ahaleginak egitea erabaki dute.
Joan den astean Harrera herria izatea erabaki zuten eatarrek, eta dagoeneko hasi dira lehenengo pausoak ematen. Hala, Rifetik (Maroko) Gernika-Lumora hurbildutako familiarentzako Ean etxebizitza bat egokitzeko ahalegina egitea erabaki dute: “Astran daude. Bizitzeko toki egokia izan ez arren, egun batzuetarako aterpea eskaini zaie bertan. Hala ere, behin behineko egoera hori ezin da gehiago luzatu”.
Herri batzarrean elkartu eta Rifeko familiari harrera egiteko ahalegina egitea erabaki zuten, “euren egoerari irtenbidea emateko”. Hala, udalarekin hitzarmen bat sinatu gura du herritar talde batek, Natxituko Elexalde 32. zenbakian hutsik dagoen udal etxebizitza larrialdi kasuetarako babeslekua bihurtzeko. Larrialdi egoeran dauden familia edo pertsonei babesa emateko lekua egin gura dute, Rifeko familiarentzako irtenbide gisa, kasu honetan. Proiektu hori adostutako baldintza eta epe batzuetan burutuko dela aitortu dute. Epea agortzerakoan, etxebizitza baldintza berdinetan itzuli beharko dutela azaldu dute.
Gainera, eatarrak informatu gura ditu herritar taldeak, “babesgunea bultzatzera gonbidatzeko”. Izan ere, eraikina etxebitza bezala egokitzeko “beharrezkoak” diren konponketak eta horniketak egin behar dira. Horiek azolanean burutzea eta horien gastua beraien gain hartzea erabaki dute eatarrek. Proiektua aurrera eramateko, etxea hornitzeko eta hasierarako elikagaiak edukitzeko produktu bilketa jarriko dute martxan.
Parte hartzea “beharrezkoa”. Euskal Herrira gerturatzen diren etorkinen egoera “neokolonialismoaren ondorio gordinek” eragindakoa dela adierazi dute: “Badakigu inor ez dela bere ingurutik eta ingurukoengandik plazerrez aldentzen, ondo eta duin bizi den artean. Gerrak, goseak, esplotazioak, lehengaien agorpenak, etorkizun ezak… ekartzen dituzte”.
Horiei laguntzeko, eta Ea harrera herria bihurtzeko herritar guztien parte hartzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute: “Gauza asko dago egiteko, bidea hasi baino ez dugu egin; hau posible egiten jarraitzeko guztion parte hartzea eta babesa beharrezkoa izango da”.
Herritar guztien iritziak entzun eta bateratzea oso garrantzitsua dela argitu dute, eta edozein hausnarketa, ekarpen, zalantza edota kritikak jasotzeko prest agertu dira harrera taldeko eatarrak. Hala, ekarpenak egiteko hurrengo helbide elektronikoa jarri dute martxan: harrerie@gmail.com.