Udazkeneko lorak ikusgai
Perretxiko Eguna egin dute asteburuan Gautegiz Arteagan, eta mikologia jardunaldiak Ean. Aurten 157 mota jaso eta ipini dituzte ikusgai Gautegiz Arteagan, Miguel Angel Cubero adituaren laguntzagaz. Domekan egin zuten Antoliñape kultur elkarteak antola...
Perretxiko Eguna egin dute asteburuan Gautegiz Arteagan, eta mikologia jardunaldiak Ean. Aurten 157 mota jaso eta ipini dituzte ikusgai Gautegiz Arteagan, Miguel Angel Cubero adituaren laguntzagaz.
Domekan egin zuten Antoliñape kultur elkarteak antolatutako Perretxiko Eguna, baina zapatu goizean joan ziren herritarrak mendira, ahalik eta onddo mota gehienak jasotzera. Cuberogaz batera, batutako udazkeneko lora guztiak sailkatu zituzten arratsaldean, biharamunean frontoiko aterpean denak txukun-txukun ikusgai jartzeko, jangarriak, pozoitsuak edo hilkorrak diren ondo azalduz.
Eguraldiak atsedenik eman ez zuela eta, aurreko urteetan baino jende gutxiago bildu zen Gautegiz Arteagako plaza inguruan. Hori bai, Perretxiko Egunera joan zirenek onddoak dastatzeko aukera be eduki zuten.
Eako mikologia jardunaldiak be domekan egin zituzten. Hamar lagun ibili ziren beharrean, egun horretarako dena prest egon zedin. Zehaztu dutenez, 300 lagun joan ziren Ean ikusgai ipinitako onddo motak ikustera eta haiei buruz gehiago jakitera. Gautegiz Arteagan bezala, onddoak dastatzeko aprobetxatu zuten Ean be. Dastatzeko «hamaikatxo» pintxo egin zituzten.